Andoain zeharkatzen duen errepide-mapa berrantolatzeko plana aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak

Xabier Lasa 2026ko uztailaren 2a

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak andoaindarren aurrean aurkeztu zuen GFAren egitasmoa. 300 lagunetik gora bildu zen Bastero Kulturguneko auditorioan eta diputatuak euren egitasmoak sustatzen duen erresistentzia aurrez aurre frogatu zuen. Eider Mendoza Ahaldun Nagusia igo zen, aurrerago, oholtza gainera. Entzuleen artetik, galde-erreguen atalean, zalantza eta kritika ugari agertu ziren.

Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Foru Diputatuak eman zituen "N-1 eta A-15 errepideak Bazkardo eta Sorabilla artean integratzeko plana"ren gaineko azalpenak. Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia ere bertan izan zen, eta aurrerago igo zen oholtzara. Gipuzkoako bide-sare osoko gunerik gatazkatsuenetakoa dela eta, ezin direla gehiago luzatu auto-ilarak, segurtasun arazoak eta mugikortasun-zailtasunak argudiatu zituen Foru Diputatuak. Aldundiaren erantzukizuna da arazoari erabakitasunez heltzea, argudio hori erabili zuen Urkolak.

Lehentasunezko helburutzat jo zuen udalerriaren eta errepidearen arteko harremana hobetzea, eta zarataren arazoari irtenbidea ematea. Aldundiaren ekimena irekia dela, eta udalaren lankidetzarekin nahiz tokiko ikuspegiarekin aberastu nahi dela gehitu zuen.

Auditoriora hurbildu zirenek eserlekuan aurkitu zuten 20 orrialdeko esku-liburuxka, irudi-muntaiez eta azalpenez hornituta; etxez-etxe banatzen ari dira egunotan. Bertan deskribatzen diren zortzi esku-hartze iragarri zituen Urkolak, "Andoaingo konexioak eta mugikortasuna hobetuko dituzten” ekimen gisa, eta banan-bana zehaztu zituen ekitaldian:

  1. Lazoa (“A-15 eta N-1 arteko konexio zuzena eta arina”).
  2. Mimendiko estaldura (“osasuna eta espazio publiko berria”).
  3. SAPA-Bordaberri bide berria (sarrera zuzena eta segurua”).
  4. Karabanetako biribilgune eta irteera berria (herri osoarentzat irteera nagusia”).
  5. Txistokitik irteera berria (auzoen arteko konexioen hobekuntza”).
  6. Sorabillako biribilgune berria (“Andoain-Sorabilla-Aduna trafikoa ordenatzeko”).
  7. Zarataren aurkako neurriak (“babes akustiko eta ingurumen-hobekuntzak”).
  8. Sorabillako bide-txirikordatzearen hobekuntza ("zirkulazio seguruagoa eta ordenatuagoa”).

Baieztatu zuenez, horietatik bi proiektu daude erakustaldi publikoko fasean. Lazoaren proiektuari dagokionez, uztailaren 29an amaitzen da alegazioak aurkezteko epea. 57 milioiko aurrekontua du, eta 18 hilabetekoa da bere eraikuntza epea (Bazkardorako irteerarekin batera). Sorabillako biribilguneari dagokionez, berriz, uztailaren 23an amaituko da erakustaldi publikoaren epea. 687.160 euroko aurrekontua du, eta lau hilabeteko eraikuntza-epea jarri zaio.

Aldi berean, bi ekimen idazketa esleipenaren fasean daudela gehitu zuen. Bata, obra osagarriak eraikitzeko proiektua idaztea; 2026/06/26 du bere argitaratze-data eta 2026/08/10 bere muga-eguna, 358.554 euroko aurrekontuarekin, eta 11 hilabetetan eraikitzeko epearekin.

Bigarrena, N-1 errepidea 445,690 eta 446,950 kilometro-puntuen artean Andoain era Sorabilla artean zabaltzeko eta hobetzeko proiektua da; obra osagarriak eraikitzeko proiektua idaztearen fasean dago, 2926/06/25 da bere argitaratze-data eta 2026/07/27 bere muga-eguna, 83.728 euroko aurrekontuarekin, eta eraikitzeko 7 hilabeteko epearekin.  

Azkenik, A-15 eta N-1eko lotura berriaren proiektuari (trentzatua) dagokionez, pleguak prestatzen ari dira.

Entzuleen hitzartzeak

45 minutu izan zuen azalpenaren ostean, entzuleen galderei erantzuteko edo ekarpenak entzuteko prest agertu zen Urkola. 90 minutuz luzatu zen aurkezpenaren osteko galde-erreguen tartea. Denbora horretan Errespetatu Andoain herri plataformako kideen eskutik heldu ziren hitzartze gehienak. Hasteko, Aldundiaren plana "integrala" izatea zalantzan jarri zuten. Ez baita, haien ustez, osotasunean auzia bideratzen, administratiboki aparteko jarduera-bilduma gisa lantzen ari direlako. Hori gutxi ez eta herrikideen interesen aurka eta ongizatearen aurka doala salatu zuten. Era berean, Andoain udalerri gisa garatzeko oztopo gaindiezintzat hartzen dute Lazoaren gauzapena. Sestra enpresak udazkenean aurkeztu zuen saihesbide egitasmoa teknikoki zilegi dela frogatuta geratu zela eta herritarren interesentzat mesedegarriena zela defendatu zuten hainbat hitzartzetan. Lazoaren alde egiteko irizpide nagusia ekonomikoa izatea tamalgarritzat jo zuten plataforma inguruko kideek.

Beste hitzartze gehiago izan ziren. Aita Larramendi ikastolako gurasoen elkarteko lehendakariak, esaterako, ikastolaren aipamenik egin ez izana leporatu zion Urkolari. Ehunka ikasle eta langileri eragiten die honezkero errepideak eragiten duen zarata eta kutsadura. Eta Aldundiaren egitasmoak egungo zarata eta kutsadua maila okertzea ekarriko duela ondorioztatu zuen. Andoaingo alkate Andoni Alvarez Letek ere hitza hartu zuen, udazkenean egindako hausnarketa-fasea eta iritzi-bilketa defendatzeko. Kexu agertu zen, era berean, protokolarioa litzatekeen gonbiterik ez zuelako jaso Ahaldun Nagusiaren eta Foru Diputatuaren partetik.

Hizkuntzaren erabilera, gatazka-iturri

Felix Urkolak euskaraz jardun zuen, nagusiki, eta minutuak aurrera joan ahala ikuslegoaren artetik erdaraz mintzatzeko kexa agertu zuten zenbait ikuslek. Ez da lehen aldia horrelakoak gertatzen direla eta, hainbatetan, gaztelania hutsean aritzeko presiopean aritzen dira hizlariak. Andoaingo Udalak, udazkeneko adituen hitzaldi-sortan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzoko aurkezpenean, aldi-bereko itzulpen zerbitzua eskaintzeko aukera baliatu behar lukete. Horretarako gaitasuna badutelako, gainera. Eta hori praktikara eramatea mesedegarri litzateke euskara gatazka-iturri bilakatu ez dadin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitara eman duen oharra

Aldundiak N-I eta A-15 errepideak integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkeztu du Andoainen

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak herritarrekin partekatu dituzte trafiko arazoak konpontzea eta errepideak kaltetutako auzoen bizi kalitatea hobetzea ahalbidetuko duten jardueren xehetasunak eta aurreikuspenak

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I eta A-15 errepideak Andoainen integratzeko Hobekuntza Plan Integrala aurkezteko bilera informatiboa egin du Bastero Kulturgunean. Eider Mendoza diputatu nagusiak; Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak eta departamenduko arduradun teknikoek parte hartu dute bileran, eta planaren edukia, proiektuen egoera eta hura garatzeko aurreikusitako hurrengo urratsak azaldu dituzte.

Saioan, jarduketa-programa osatzen duten esku hartze guztien berri eman da, Bazkardotik Sorabillara artekoak. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bazkardoko lazo lotunea, Mimendi parean N-I errepidearen gaineko estaldura eraikitzea, bide konexio berriak garatzea udalerriko barne mugikortasuna hobetzeko, Allurraldeko kurba leuntzea segurtasuna indartzeko, azpiegituraren inpaktu akustikoa murrizteko jarduketak eta Sorabillako bide-txirikordatzea berrantolatzea. Aldundiak 150 milioi euro baino gehiago inbertitzea aurreikusten du plan hau gauzatzeko.

Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "Gipuzkoan dugun trafiko arazo handienetako bati behin betiko irtenbidea emateko proiektu baten aurrean gaude. Mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeaz gain, errepideak hainbat hamarkadatan Andoainen eta inguruko auzoetan sortu dituen arazoei erantzuten die, azpiegitura udalerrian integratzeko eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko benetako irtenbideak eskainiz. Plan honek trafikorako irtenbideak eta espazio publikoa berreskuratzen, zarata murrizten eta auzoen arteko konektibitatea hobetzen duten jarduerak uztartzen ditu”, gaineratu du.

Horrela, Felix Urkolak planaren garapenaren aurreikuspenak eta hurrengo urratsak azaldu ditu, lehen lizitazioak berriki aktibatu ondoren eta jarduera-programa gauzatzen hasteko aukera emango duten proiektuetako batzuk jendaurrean jada jarrita. Une honetan, Bazkardoko lotunearen proiektua eta N-I-445 adarrean, Sorabillan, biribilgune berri bat eraikitzeko proiektua jendaurrean daude. Era berean, hobekuntza-planean jasotako zenbait jarduketa osagarriri dagozkien proiektuak idazteko lizitazioa egin du foru erakundeak.

Errespetatu Andoain plataformaren bilera-irekia

Gaurko deitu du Basteroko ekitaldi-aretoan, arratsaldeko 19:00tan hasita

"Bileraren helburua LAZO proiektua azaltzea da eta horren inguruan sortzen diren galderei erantzutea. Hurbildu zaitez ostegun honetan (uztailak 2), arratsaldeko 19:00etan, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretora. LAZOaren planoa azalduko dugu eta egoera aztertzeko aukera izango dugu. Orain da informatzeko unea. ZATOZ! eta gonbidatu ingurukuak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!