EAJ-PNVk EH Bilduri leporatu dio aurkeztu duen irisgarritasun planak ez duela bat egiten Andoaingo lehentasun eta premiekin

Aiurri 2026ko uztailaren 9a

Jeltzaleek honela azaldu dute euren desadostasuna: “udal gobernuak “asmo onen katalogo bat egitea hobetsi du, udalerriko irisgarritasuna benetan eraldatzeko bide-orri eraginkor bat diseinatu beharrean”.

Jeltzaleen ustez, Andoainek udalerria benetan eraldatuko duen plana behar du, ez arazoak diagnostikatzera mugatzen den eta horiei irtenbidea emateko konpromisorik hartzen ez duen dokumentua. Azpimarratu dute, oztopoak identifikatzea ez dela nahikoa; horiek ezabatzeko borondate politikoa ere beharrezkoa dela.

EAJ-PNVren iritziz, bereziki larria da Planak bere gauzatze-epearen barruan ez jasotzea Ondarretaren berrurbanizazioa edo Gabriel Arestiko proiektua bezain estrategikoak diren jarduketak. Zehazki, EAJ-PNVk nabarmendu du 2026ko aurrekontuen negoziazioan Ondarretaren berrurbanizazioaren lehen fasea martxan jartzea proposatu zuela, udalaren ahalmen ekonomikoarekin guztiz bateragarria den fasekako exekuzio baten bidez. Jeltzaleek adierazi dute, EH Bilduk proposamena baztertu zuela, eta orain ere proiektua lehentasunen artetik kanpo utzi dutela. Jeltzaleek bi lehentasun hauek txertatzea proposatzen dute: Ondarretako 1. fasea (749.936 euro, 2026-2027) eta Gabriel Arestiren berrurbanizazio integrala (2028-2029).

Halaber, EAJ-PNVk uste du inbertsioen banaketak ez duela behar bezala islatzen udalerriko irisgarritasun-arazo handienak dituzten auzoen egoera.  Alderdiaren arabera, diagnostikoak zailtasun handienak dituzten eremuak identifikatzen baditu ere (Doctor Huizi, Olagain, Ondarreta, Bazkardo eta Gabriel Aresti auzoak), planak ez du lehentasunak ezartzeko irizpide argirik eskaintzen.

Horren harira, ebaluazio- eta lehentasun-sistema garden bat ezartzea proposatzen dute, gizarte-inpaktua, onuradun kopurua, isolamendu-arriskua eta kostu-onura irizpideak kontuan hartuko dituena. Era berean, Irisgarritasun Unibertsalaren Udal Kontseilua sortzea proposatu dute, ordezkaritza politiko, tekniko eta sozialarekin, planaren jarraipena eta garapena egiteko. 

EAJ-PNVk amaitzeko adierazi du lehentasun argietan, plangintza zorrotzean eta konpromiso politikoan oinarritutako irisgarritasun-eredua defendatzen jarraituko duela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!