[Postontzia]

Lazoa?

Mailu Arruti 2026ko uztailaren 10a

Lehengo eta behin, mila esker Errespetatu Andoain plataformari herria horrela defendatzeagatik. Horretarako hautatu dituzten hautetsi batzuk egiten ez duten bezala.

Uztailak bateko arratsaldean, Bastero Kultugunan, Aldundia beraien proiektua azaltzera etorri eta eman zuten espektakulu tamalgarriari buruzko gogoeta batzuk partekatu nahi nituzke.

Diskurtso lapurreta bat izan zen. Errespetua gora eta behera aipatuz, errespetu falta galanta erakutsi zuten Andoaingo herriarekiko. Errespetua ez da saldu edo erosten. Errespetua irabazi egiten da. Askotan aipatzeagatik ez da lortzen errespetua. Entzutera etorri omen ziren. Entzun? Entzun nahi izan balute, lehentxeago etorri behar zuten. Andoainek garbi esan zuen: 3.000 biztanlek parte hartu zuen galdeketan. Garbi eta ozen adierazi zuten Andoainentzat nahi dutena.

Herrietara gerturatzen ari omen dira. Zertara? Kanpaina egitera? Pertsona erdigunean jartzen omen dute. Eta saihesbidea ukatzeko arrazoi bakarra ekonomikoa dela beraiek aitortu zuten. Beraz, erdigunean jartzen duzuena ekonomia da. Dirua. Eta ez ongizatea, segurtasuna, natura edo osasuna.

Herrigintza, herrigintza zer den ere ez dakizu Eider Mendoza. Herrigintzan aritu garenok urtetan, ez dugu zurekin topo egin inon. Bestalde, inork egin du estimaziorik lazoa eta beste zatikako “soluzio integral” horiek zenbateraino konponduko luketen “Gipuzkoako trafiko arazo nagusia”? Zein epetan?

Aldundiak proposatzen duena egiteko irizpide bakarra ekonomikoa bada, demostratu beharko da benetako soluzioa izango dela epe luzera. Ze... ezagutu ditugu errepide horretan bertan, N-1ean  egindako sarrera-irteerak Amasa-Villabonan, Andoainen eta Lasarte-Orian. Istripu pila baten ondoren modifikatu ziren guztiak.

Epe motzera jokatuz gero, moldaketak datoz. Eta, azkenean, saihesbidea egiten bukatuko da aurretik diru guzti hau xahutu eta gero. Merkeena ala garestiena izango da?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!