Karrikako jaiak ostiraletik igandera izango dira. Aurreko egun hauek estres handikoak dira? Zeintzu dira azken orduko lanak?
Ana Gaspar. Estresa nabaria da, bai. Izan ere, antolakuntzan Albaren senarrak eta beste kide batek laguntzen digun arren, Alba eta biok gara dena antolatzen ibiltzen garenak. Gogorra da antolakuntza bizitza beste alor batzuekin uztartzea, nire kasuan, ni lanean ari naiz, eta Alba, ikasten ari da. Gure denbora librean ateratzen dugun tarte txikitan antolatzen hasten gara; esate baterako, atzo gauerdiko hamabiak arte gelditu ginen. Bestalde, lan asko izan arren, zirrara handikoa da guretzat Karrikako Festak aurrera eramatea.
Alba Moreno. Bai, urduritasun handiko egunak dira, dena ondo ateratzea nahi dugu, eta azken prestaketak amaitzeko egunak izaten ari dira. Azken erosketa batzuk egitea gelditzen zaigu, baina bestela, dena lotuta dugu. Lan asko den arren, guretzat ere oso pozgarria da, antolakuntzan aritzea.
Gogo berezia antzematen duzue auzoan?
A.M. Bai. Jendea gogotsu dago. Egia da, prestaketan parte hartzera apenas animatzen den jendea, baina festa egunetan gehienak prest egoten dira laguntzeko. Nire ustez, arazoa da jende gehienak ez dakiela festen atzean dagoen lan guztia. Nahiz eta antolakuntzan parte hartzera animatu, kosta egiten zaie pauso hori ematea. Nolanahi era, festa egunetan jende asko gerturatzen zaigu laguntzeko prest. Baina, bai, jendea oso gogotsu dago festetarako. Aurten ez dugu egitaraua paperean argitaratu, baina, sare sozialetan informazio guztia dago, eta herrian zehar kartelak jartzen joango gara.
Andoaindik datozen festazaleak ere garrantzi handikoak dira, ezta?
A.M. Bai, ostiralean, batez ere, auzokoa ez den jende asko etortzen da. Ostiralean “rock eguna” ospatzen dugu, eta jende askok interesa adierazten du. Horrez gain, playback saioak ere arrakasta handia izaten du, eta baita ere umeen puzgarriek.
A.G. Bai, ohitura hartu dugu ostiralean Rock kontzertuak jartzeko, batez ere, gustu guztiak kontuan hartu nahi ditugulako. Egun bakoitzean gauza desberdin bat eskaintzen dugu.
A.M. Ohitura hartu dugu ostiralean rock musika eskaintzeko, eta jendea zai dago ea zer ekarriko dugun, interes handia pizten du.
A.G. Bai, urtez urtez, gero eta jende gehiago etortzen dela esango nuke.
Denera zenbat lagun ibiltzen dira laguntzen jaietan?
A.M. Gure bizkar dago antolaketaren ardura nagusiki, esan bezala, baina ekitaldi jakinetarako beti azaltzen zaizkigu kolaboratzaileak edozertarako prest.
Zein da zuetako bakoitzarentzat Karrikako jaietako ekitaldi kuttuna edo gogokoena?
A.M. Niretzat, Chiquitita (Abba)abesten dugun momentua da. Festak amaitzean, denak batzen gara Chiquitita abesteko eta niretzat hori da momentu hunkigarriena. Dena ondo atera dela ikusten dugu, eta Ana eta biontzat oso momentu berezia da, urtero negar egiten dugu.
A.G. Niri ere poz handia ematen dit umeak eta gazteak disfrutatzen ikusteak, horrek ez dauka parekorik. Niretzat, festak, oso bereziak dira. Urtean zehar ez gara jende askorekin elkartzen, baina festak iristen direnean, badakigu auzokide guztiekin batuko garela. Hori oso polita da.
A.M. Bai esfortzu handia da, baina azkenean, nahi dugulako egiten dugu, gustu handiarekin, nahiz eta lana gogorra den.
A.G. Bai, lan handia dago atzetik, baina jendearen erantzuna oso pozgarria da. Ez bakarrik, auzokoena, baizik eta Andoain guztiarena. Hurrengo urteei begira, ikusten dut belaunaldi berriak antolakuntzan sartzen hasiko direla, adibidez, Albaren semeak gaur egun parte hartzen ibiltzen dira, eta seguruenik haiek izango dira antolaketaren lekukoa hartuko duten hurrengoak.
Jaiak aurrera ateratzea kosta egiten da? Nola zaudete animoz?
A.M. Indartsu jarraitzen dugu. Azkeneko egunetan estres nahiko handia izaten dugu, lan handia baita, eta beldur puntu bat ere sentitzen baitugu, dena ondo ateratzea nahi dugulako. Azkenean, ordea, ziurtasunez jokatzen dugu badakigulako dena ondo irtengo dela.
A.G. Bai, poza ez ezik, kezkak ere izaten ditugu, baina azkenean jendearen erantzuna izugarria izaten da.
A.M. Bai, oso gogotsu gaude, ostirala iristeko desiatzen.
Noiz hasten zarete jaiak antolatzen?
A.M. Aurten oso berandu hasi gara, konpromisoak genituelako lanari eta ikasketei lotuta. Baimenak epe barruan eskatu ditugu, baina, hori kenduta, ekainaren erdialdean hasi ginen antolaketarekin. Hilabete baino gutxiago izan dugu, eta hala ere, uste dut emaitza ona izango dela.
A.G. Egia da, jendeak ere ezagutzen gaituela, orduan, gauzak lotzeko askotan mezu batekin nahikoa izaten da, puzgarrien kasuan, adibidez.
A.M. Bai, konfiantza horri esker gauzak askoz errazagoak dira, eta telefono bidez gauza gehienak lotu ditzakegu.
A.G. Gainera, auzoko eta herriko jendeari ikusgarritasuna ematen saiatzen gara, eta horregatik, DJ-ak, gehienetan, Andoaingoak izaten dira.
Egitaraua ikusi gabe andoaindarrek badakite zein den igande arratsaldeko plana. Hori berez ona da ezta?
A.M. Bai, playback saioa auzoaren ikur bilakatu da. Duela urte asko jarri zen martxan, eta ez da beharrezkoa guk horren berri ematea, jendea zuzenean etortzen da. Beste ekintza batzuk aldatu ditzakegu urtearen arabera, baina argi dugu Playback saioa ezin dugula kendu, jendeari ilusio berezia egiten dio.
A.G. Iazko, berrikuntza berezi bat izan genuen, eta “Got Talent” moduko saio bat antolatu genuen. Playbackaz gain, beste emanaldi batzuk ere egin zituzten; izan ere, ume batzuk abestu nahi zuten, beste batzuk, berriz, instrumentuak jo. Denei aukera emateko antolatu genuen saio berezi hori. Erantzuna izugarria izan zen, umeak ez ezik, helduak ere aritu ziren.
Su artifizialak iragarri dituzue. Karrikatik harago ikusiko dira...
A.M. Iaz, ikusi ziren, ibaitik bota genituelako.
A.G. Aurten ere, ibaiaren beste aldean jartzea pentsatu dugu, gero eta jende gehiago datorrelako, eta espazioa gero eta murritzagoa delako.
Aurten ere, danborradarik gabe
"Pena handiarekin, aurten ere, ezin izan dugu danborrada antolatu, gastua oso handia baita. Ez ditugu ez danborrik ez barrilik, urte askotan elkarte batzuk eurenak utzi dizkigute, baina lan handia da, ezin izan dugu aurrera atera. Pena handia da, baina, ez dugu baliabiderik, txarangaren gastua, adibidez, oso handia da, eta ezin izan dugu gure gain hartu".