Ikasleen praktikaldia, Aiurriko erredakzioan

Aiurri 2026ko uztailaren 11

Irene Zubigaray lasarte-oriatarra eta Libe Santillana andoaindarra.

Lanbide Heziketako lau ikasle izan dira, ikasturte honetan, praktikaldia egiten Aiurriko erredakzioan. Diseinu grafikoa eta multimedia alorretan jardun dute, nagusiki. Euren formakuntzan bidelagun da Andoaingo eta Urnietako astekaria.

Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolako (ESCIVI) bi ikaslek egin dute praktikaldia, ikasturte honetan, Aiurriko erredakzio taldean. Lanbide Heziketako gorengo graduko lehen ikasturteko ikasleak dira Joanes Goikoetxea nafarra eta Xabat Minguez goierritarra. Aiurri.eus eta sare sozialetan aritu dira lanean eta, haiei esker eta haien bitartez, kazetaritza digital berrian murgildu da tokiko hedabidea.

Joanes Goikoetxea

Praktikaldia amaituta, gainera, Aiurrirekin lotuta jarraitu dute. Joanes Goikoetxeak, ikasturtea amaitu bitarte, hainbat lantxo egin ditu webgunean. Bereziki, "Azkar batean" sortu berri den atala aberastuz.

Xabat Minguez

Xabat Minguez udako lanaldian ariko da Aiurrin eta dagoeneko aski ezaguna da gure artean. Bereziki, kamera aurrean jarrita egin dituelako kazetaritza-lan gehienak. Sanjuanetan, Urnietako Akelarrean, Kaletxikiko jaietan... haietan guztietan festaren lekuko zuzena izan da eta hori helarazten ahalegindu da bideo-sortaren bitartez. Hainbatetan, gainera, gonbidatuak jarri ditu kamera aurrean hizketan. Esaterako, San Juan jaien hasieran eta Urnietako San Juan bezperako Akelarrean.

Diseinu arloko ikasleak

Irene Zubigaray lasarte-oriatarra eta Libe Santillana andoaindarra diseinu arloan trebatzen ari dira. Urnietako Salestar ikastetxeko ikaslea da, lehena. Eta Donostiako Ceinprokoa, bigarrena. Bi kasuetan, lankidetza-hitzarmen bana sinatu du Aiurrik dagokion ikastetxearekin. Irene Zubigarayk hiru asteko praktikaldia egin zuen Aiurrin, besteak beste, diseinu eta digitalizazio lanetan arituz. Lanetako bat aipatzearren, marka berri bat sortzeko logotipoaren garapena egin du.

Libe Santillanarena praktikaldi luzeagoa izan da eta hark eskuorriak, kartelak eta egutegiak diseinatu ditu. Bi ikasleek lan errealak egiten jardun dute, Aiurrin izan diren bitartean.

Tokiko hedabideak talentu berrien formakuntzan bidelagun izan nahi du eta, horrexegatik,  biderkatu egin ditu hitzarmenak ikastetxeekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!