"Konexiorik handiena nire belaunaldikideekin lortu dut"

Lide Ruiz Telleria 2026ko uztailaren 12a

Xabat Minguez ESCIVIko ikasleak praktikaldia egin zuen Aiurrin eta, uda honetan, lanean ariko da erredakzio-taldean. Kamera aurrean jarrita, azkar batean ezagun egin da.

Xabat, Aiurrin kamera aurrean egiten ari zaren lanari esker ezagun egin zara inguruotan. Berezkoa duzu kamera aurrean aritzeko gaitasuna?

Bai. Egia da, azken urteetan gehiago landu dudala, orain arte, ez nuen sekula pentsatu profesionalki alor honetan jardungo nuenik, baina, bai, gustura aritzen naiz.

Ez duzu erreparorik izaten kamera aurrean jartzeko. Zure toki naturala dela esango zenuke?

Bai, kamera aurrean jartzea ez zait batere kostatzen, oso eroso egoten naiz, eta gainera, asko gustatzen zait jendearekin horrela komunikatzea. Ez dit erreparorik ematen.

Erredakzioko gainerako kideek ez bezala, zuk aurpegia jartzen diozu albisteari. Zein erreakzio nabari duzu inguruan?

Uste dut, oro har jendeari gustatzen zaiola informazioa era bisual batean jasotzea. Gaur egun, gero eta pertsona gutxiagok irakurtzen dituzte egunkari eta aldizkariak, eta formatu berri hau gustuko dutela esango nuke, batez ere, nire belaunaldikoekin nabaritu dut konexiorik handiena.

Zer da gehien harritu zaituena lan honetan?

Ez dut uste, denbora tarte honetan, ezerk harritu nauenik. Banekien non sartzen ari nintzen, eta oraindik asko daukat ikasteko, baina ez da ezer egon bereziki harritu nauenik.

Multimedia lana da gehienbat egiten duzuna. Eta, hain zuzen, zure belaunaldiak informazioa modu horretan kontsumitzen du.

Bai, nire belaunaldiko jende gehiena sare sozialen bidez informatzen da, egun, oso jende gutxik ikusten du teleberri bat, eta aldizkari bat irakurri, zer esanik ez. Gazte gehienak sare sozialen bidez informatzen dira.

Bereziki jaiei loturiko hitzorduak landu dituzu. Festazalea zara?

Ez, guztiz aurkakoa. Festak ez zaizkit asko gustatzen; jende asko dagoen tokitan ez naiz bereziki eroso sentitzen, baina harritu nau zer ondo moldatu naizen ikusteak, eta azkenean, gustura aritu naiz lanean.

Goierritarra zara, ondo moldatzen zara inguruotan?

Oso ondo moldatzen ari naiz, Goierrin baino hobeto. Ezaguna ez izateak asko laguntzen du, gehiago kostatuko litzaidake Goierrin alor honetan aritzea, jende gehiago ezagutzen dudalako, eta zailagoa izango litzateke niretzat etengabeko esposizio horretan eroso sentitzea. Hemen inorrek ez nau ezagutzen eta oso gusturua aritzen naiz.

Uda honetan Aiurri.eus-en eta sareetan ikusiko zaitugu, beraz. Erronkarako prest zaude?

Guztiz prest nago, oso gogotsu eta ilusio handiarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!