"Herritarren harrera oso ona izan da hasieratik"

Xabat Minguez 2026ko uztailaren 12a

Lide Ruiz Telleria urte hasieratik da Aiurriko erredakzio-taldeko kidea.

Lide, urtearen hasieratik ari zara Aiurriko erredaktore lanetan. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oso esperientzia ona izaten ari da. Orain arte ez nuen erredaktore lanetan aritzeko aukerarik izan, eta oro har, asko ikasten ari naizela esango nuke, oso esperientzia aberasgarria izaten ari da.

Urnietan eta Andoainen ari zara lanean, zaila egiten al da martxan dagoen dinamika batean murgiltzea?

Hasieran zaila izan zen, dena berria baitzen niretzat. Bestalde, Urnietako eta Andoaingo herritarren harrera oso ona izan da hasieratik, eta horri esker, askoz errazagoa egin zait bi herrietako dinamikara egokitzea.

Idatzizko kazetaritzan trebatzen ari zara. Zer egiten zaizu zailena eta, kontrara, erosoena?

Donostian bizi naizenez, zailena Urnietan eta Andoainen egunerokoan gertatzen diren kontuen berri izatea da. Normalean, lankideek ematen didate azken albisteen berri, ni ez bainago herri horietako errealitatearekin horren konektatuta. Zailena hori dela uste dut. Erosoena, aldiz, herritarrekin zuzenean hitz egitea dela esango nuke, elkarrizketak egitean nabaritzen da herritarrak oso prest daudela gurekin kolaboratzeko, eta aldi berean, oso eskertuak egoten dira Aiurrik lekutxo bat eskaintzeagatik.

Donostiarra zara. Zer moduz moldatzen zara herriotan?

Esan dudan bezala, Urnieta nahiz Andoaingo herritarren harrera oso ona izan da, eta horrek asko erraztu du ni eroso sentitzea. Donostiarra naizenez, niretzat dena berria izan da, baina jendeak adierazitako gertutasunari esker egokitzapena ez da horren zaila izan. Lankideek ere asko lagundu didate, eta horregatik, dena errazagoa izan da.

Kazetaritza bada zuretzat aukera, herri eta pertsona berriak ezagutzeko?

Bai, Aiurrin erredaktoretza lanetan aritzeari esker jende asko ezagutu dut. Izan ere, tokiko kazetaritzak herritarrekin harreman zuzen izateko aukera ematen du. Hori dela eta, albisteak herritarrekin dugun harreman zuzenaren bitartez lantzen ditugu, eta horrek herria eta bertako errealitatea era sakonagoan ezagutzeko aukera izugarria ematen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!