[Postontzia]

Aspaldiko jarrera epelen ondorioa da lazoaren auzia

Hainbat sinatzaile 2026ko uztailaren 17a

Lazoaren ondorioak larriak direla esan eta esan ari gara baina larritasuna kendu gabe bada sakonekoa den kontu bat eta honaino, LAZORAINO ekarri gaituena: Andoain herriaren kontsiderazio eza lurralde antolaketa guztietan, baita plan estrategiko eta ekonomikoetan ere.

1. Lurralde antolaketan:

  • Donostialdea area funtzionala Urnietan bukatzen da, Urumeako Saihesbidea bukatutzat eman zen bezala.
  • Tolosaldea Adunan hasten da eta hortik gora 17 udalerri ditu bere barne.
  • Eta Andoain? Non kokatzen da Andoain? Inon ere ez. Andoain, "rótula" edo "sitio de transición" bezala izendatzen eta tratatzen da.

Barka bezate bertako biztanleek orain erabiliko dugun esaldiaren gutxienezko tonuarengatik, baina bada Espainian lurralde bat zeinengatik esaerak hala dio: "Albacete, llega, caga y vete". Horrelako zerbait esango genuke dela Andoain hainbat politikarientzat, Gipuzkoako Albacete alegia. Pasa egin behar den herria, eta azkar bada, hobeto eta orain, gainera, tunelean sartu eta ez bagaituzte ikusten, are eta erosogo.

2. Polo ekonomiko eta teknologikoetan:

Noiztik ez da kalitatezko lanpostuak sortuko dituen enpresarik kokatzen Andoainen? Zein eratako industria poligonoak dira eraiki diren azkenak? Zenbat inaugurazio ekitaldi egin dituzte Gipuzkoako agintariek gure herrian?

Are larriago, Diputazioak aurkezturiko fotomontaien arabera, jadanik martxan ditugun bi enpresa txiki pikutara doaz, hortik kanpora bidaltzen dituzte Diputazioaren erdipurdiko konponketaren eraginez.

Enpresa txikiak izango dira baina bere zergak gure herrian ordaintzen dituzte eta gure ekonomia sostengatzen laguntzen dute. Horretaz gain, "Itsasmendi Karabanak"en kasuan, familia batek sorturiko negozioaren bigarren belaunaldiaz ari gara, gurasoek altxatako negozioari jarraibidea eman nahian egindako lana eten egin nahi zaie.

Momentu zailak ezagutzen ari den lehen sektorean lanean ari den etxalderik garrantzitsuenari ere bere lan jardunarako erabiltzen dituen lur sailak ere murriztu nahi zaizkio.

Beraz, eraikitzera ez, suntsitzera baizik datoz gipuzkoarren ongizatearen izenean. Zein gipuzkoarrentzat?

3. Zenbat inbertsio egin ditu Diputazioak, azken 20 urteotan, Andoainen?

2011n sekulakoa egitekoak ziren, gure herriarentzat konponbiderik hoberena izango zenarekin etorri ziren baina 15 urte beranduago haren laurdenera iristen ez den beste bat inposatu nahi digute, inbertsio kaskarragoa eginaz.

Inbidiaz ikusten ditugu inguruko herrietan, trafikoak erdigunetik kendu aparkaleku gehiago ahalbideratuaz, eraiki dituzten berdegune eta aisialdirako parkeak, aire libreko kirol instalazioak, bidegorriak...

Baina inbidia gehiago ematen digute izan dituzten udal ordezkariak, bere herriaren ongizatea, bizi-kalitatea planifikatu, erreklamatu eta gauzatzea lortu dutelako, eta ez, gure kasuan bezala, batzuk bere alderdiaren ahotsari otzan eta beste batzuk faltsu, baina "etxekalte" aritu direlako.

Non egon dira plangintza eta egitasmo guzti horiek diseinatu direnean? Zertarako balio izan digu Industria eta Garapeneko sailburuaren aholkulari taldean aritzeak, edota Diputatu Nagusiaren taldeko bulegoan jarduteak?

Andoaindarrok, elkartu eta gure hitza aintzakotzat hartu bitartean ez gaitezen isil, ikusi baitugu urtetan eta urtetan izan ditugun ordezkariek beste aldera begiratzen zuten bitartean inbertsioak eta bizikalitatea beste herritara bideratu
dela.

 

Sinatzaileak:

  • Garbiñe Agirre Azpiazu.
  • Beatriz Amondarain Ubarrechena.
  • Marivi Hernandez Arana.
  • Izaskun Iztueta Ansa.
  • Ana Mendikute Garaialde.
  • Maixabel Ormazabal Garcia.
  • Karmele Otaegi Negredo.
  • Maixabel Soler Etxaniz.
  • Lurdes Ubillos Galarraga.
  • Koro Ubillos Galarraga.
  • Mertxe Zabala Huizi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!