Asteburu beroa izan da eta, sute-arriskua tarteko, azken trakarako iragarrita zeuden artifiziozko suak bertan behera utzi zituzten. Espero gabeko amaiera izan arren, Jai Batzordeko kideek poza eta eskerrona adierazi zuten jaiak amaitu berritan: "Biharamun emozionaleko eguna. Eskerrik asko bizilagunei, saltokiei eta Andoaingo Udalari hainbeste laguntzeagatik beti! Hurrengo urtera arte!". Ez zaio antolatzaile-taldeari, beraz, indarra ahitu eta dagoeneko 2027koan pentsatzen ari dira. Seinale ona da hori.
Ostiral arratsaldean, jaien hasierako suzirirako, auzotar ugari hurbildu ziren txosnagunera. Eta, gauean, ohitura berriari segida emanez, rock doinuak nagusitu ziren.
Larunbatetik azpimarratu behar dira otorduak eta haurrei bideratutako hitzorduak.
Igandea egun handia da Karrikako jaietan: meza, sagardoa eta pintxo-dastaketa. Hori gutxi ez eta toka txapelketa, eguerdian, eta mus txapelketa, arratsaldean.
Kantua, dantza eta showa
Igande arratsaldean iritsi ohi da Karrikako jaietan bereizgarri den Play-back saioa. Eta horren osagarri, Got Talent Karrika saioa. Antolaketatik aukera askea eta librea sustatu zuten. Hala, oro har, kanturako, dantzarako eta ikuskizunerako tartea izan zen. Oholtzan izar bilakatu zirenen artean Manolo, Silvia eta Ana auzotarrak aipa daitezke. Txalo zaparrada jaso zuten. Jaietako hitzordu nagusiak bideoz eta irudiz jasota daude Aiurri.eus webgunean.