Jai Batzordeak jaien balorazioa argitara eman du

Jon Ander Ubeda 2026ko uztailaren 16a

"Kaletxikiko jaiak balantze oso positiboarekin eta eskerronez amaitu dira

Kaletxikiko Jai Batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie aurtengo San Pedro jaiak arrakastatsuak izan daitezen lagundu duten pertsona, herriko merkatari eta enpresa nahiz erakunde guztiei. Jarduera biziko hainbat egunen ostean, antolatzaileek nabarmendu dute giro aparta, parte-hartze handia eta auzo osoaren inplikazioa izan direla aurtengo edizioaren ezaugarri nagusiak.

Batzordeak bereziki eskertu nahi izan die tokiko merkatariei emandako babesa, konfiantza eta ekarpenak; izan ere, haien laguntza ezinbestekoa da adin guztietako herritarrentzat prestatutako jai-egitaraua aurrera eramateko. Era berean, Andoaingo Udalaren babesa ere eskertu dute, haren laguntza funtsezkoa izan baita bai antolakuntza-lanetan, bai jardueren garapenean.

Esker berezia adierazi diete, halaber, Kaletxikiko auzotarrei eta, bereziki, musu-truk lanean aritu diren pertsona guztiei. Antolatzaileek azpimarratu dute boluntario horiek egindako ahalegina ezinbestekoa izan dela ekitaldi guztiak normaltasunez gauzatzeko eta jaiak elkarbizitza eta giro onean ospatzeko.

Jai Batzordeak, gainera, oso positibotzat jo du aurten egitarauan txertatutako berrikuntzek izan duten harrera. Jasotako erantzunak etorkizuneko edizioetan proposamen berriak lantzen jarraitzeko indarra ematen diela adierazi dute, Kaletxikiko jaien nortasuna eta izaera galdu gabe.

Datorren urteari begira, antolatzaileek berriro ere eskerrak eman dizkiete jai hauetan parte hartu duten guztiei. «Jaien arrakasta guztiona da. Eskerrik asko zuen inplikazioagatik, zuen babesagatik eta, aurten ere, Kaletxiki elkartzeko, elkarrekin bizitzeko eta ospatzeko gune bihurtzen laguntzeagatik, azken finean, Kaletxiki auzo haundi bihurtzeagatik», adierazi dute Jai Batzordetik".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!