COP31 Bike Ride egitasmoak mugikortasun aktiboa aldarrikatzen du, klima-aldaketari aurre egiteko eta garraioan CO2 emisioak murriztea eskatzeko. Helburu horrekin, milaka kilometroko bidea egingo dute kideek bizikletaz, txandaka, Belemetik (Brasil) Antalya-ra (Turkia). Ibilbidearen barruan, Andoainen egin dute geldialdia, Euskal Herriko kideekin batera.
Alkateak nabarmendu du, Andoainen irmoki sinesten dutela mugikortasun jasangarriaren garrantzian, eta beraz, hori lortzeko lan egiten jarraituko dutela baieztatu du. Hori dela eta, bizikletaren erabilera sustatuko dute Andoaingo herritarren artean, bereziki, haur eta gazteen artean. Hain zuzen ere, COP31 Bike Ride taldearen eskaeretako bat bizikletak uzteko aparkalekuak gehitzea da, eta Andoaingo Udalak aparkaleku horiek biderkatzen jarraituko duela berretsi du. Izan ere, Udal ordezkariek azpimarratu dute klimaren larrialdiaren testuinguruan eta mugikortasunaren erronkei erantzuteko ezinbestekoa dela garraio publikoaren aldeko apustu sendoa egitea.
Alkatearen ustez, ezinbestekoa da erakunde guztiak batera lan egitea, herritarrei merezi duten zerbitzua eskaintzeko. Horretarako, beharrezkotzat jotzen du besteak beste, inbertsioak handitzea, maiztasunak areagotzea, flotak berritzea eta eskualdea zein lurraldea modu eraginkor eta irisgarrian lotuko dituzten azpiegiturak hobetzea.