Salatu dutenez, zuzendaritzak langileen eskubideen aurkako presioaren eta zigorren eredua jarri du abian azken hilabeteetan.
Lantegiko sekzio guztiei eragiten dizkieten justifikaziorik gabeko zigorrak ezartzen eta langileen eskubideak urratzen ari dela, gaineratu dute. Besteak beste, langileen ofizioekiko gutxiespena, irizpiderik gabeko lan-gainkarga, enpresak bere kabuz zehaztutako sailkapen- eta trebakuntza-sistema bidegabeak, kontratuetan abusuzko eranskinak aipatu dituzte.
Egoera jasanezina dela, eta zenbait langileek lantegia utzi egin behar izan dutela ere esan dute.
Uztailaren 15ean batzarra egin zuten langileek, eta 24 orduko greba-eguna erabaki zuten, gaurko.
Protestaldiak goizean iraun duen denboran, langile horiek txistu egin die lanpostura joan diren beste lankideei, ez dutelako bat egin mobilizazioarekin. Egiten dituzten aldarrikapenei eta protestei esker lor daitezkeen eskubideak SAPAko langile guztiei eragiten dietela gogorarazi nahi izan diete era horretan.
Zuzendaritzaren iritziz langileen protestak ez dauka justifikaziorik, eta produktibitate-osagarriekin du zerikusia. Zehaztu nahi izan du oinarrizko soldatari gehitzen zaion 'plus' bat dela hori, errendimenduaren arabera kobratzen dena; errendimendu hori lotuta legoke, besteak beste, langileei dagozkien helburuek betetzearekin, ekoizpen handiagoa ateratzearekin, edota, lan-karga handiagoa bere gain hartzearekin.
Ertzaintzaren presentzia
Protestaldian parte hartu duten langileek harridura agertu dute ertzaintzaren presentziagatik; gehiegizkoa iruditu zaie goizean ertzainek egin duten indar-erakustaldi guztia enpresaren sarreran.
Protestak, iraganean ere
250tik gora langileko plantilla dauka SAPA lantegiak Andoainen, hainbat sekzioetan banatuta (tailerra, muntaia, erosketak, eta, I+G).
2024ko martxoan ere mugagabeko greba egin zuten hainbat langileek.
2019ko azaroan, berriz, zortzi eguneko grebari ekin zioten.