Errespetatu Andoain plataformako Parada bozeramaileak hartu zuen hitza, elkartearen izenean prestatu zuten adierazpena irakurtzeko. Kritikoa zen, bereziki, joan zen uztailaren 1ean Aldundiak Bastero Kulturgunean egin zuen aurkezpenean alderdiek izan zuten jokabidearekin.
Ia ordubetez luzatu zen eztabaida, herritar gehiagok hartu zuelako hitza. Jomugan izan zituzten alderdi politikoetako ordezkariak, bereziki jeltzaleak, baina baita sozialistak ere. Tentsio uneak izan ziren, tarteka.
Goenaga EAJ-PNVko bozeramailea ez zen plenoan izan eta jeltzaleen ikuspegia Mikelezek defendatu zuen. Errealitatearen beste ikuspegi bat agertu nahi izan zien plataformako kideei. Deseroso antzeman zitzaion, eta interpelazio gehienei erantzuten saiatu zen.
Sozialisten izenean Alkain bozeramaileak hitz egin zuen. Kritikei erantzuna eman zien eta plataformako kide batek zinismoz aritzea leporatu zionean haserretu egin zen.
Pepe Iparragirre Elkarrekin Podemoseko ordezkariak platafomatik gertuen agertu zen. Gipuzkoako Podemosen ikuspegia zein dela ere, Andoaingo interesak lehenesten zituela adierazi zien pleno aretora hurbildu ziren herrikideei.
Gobernu taldearen izenean Andoni Alvarez alkateak iragarpena egin zuen: Andoaingo Udalak prest ditu alegazioak eta hurrengo orduetan, aurkeztu aurretik, ordezkaritzan duten alderdi politikoekin aztergai izango dituzte.
Auziari buruzko adierazpena, bideoan ikusgai
Herritatren eta udal ordezkarien parte-hartzeak ikusgai daude Andoaingo Udalaren bideoan.
Errespetatu Andoain plataformaren adierazpena
(Erdara hutsean irakurri zuen adierazpena Paradak. Jarraian, euskarara itzulita)
"Errespetatu Andoain plataformak eta sustatzen gaituen herritargoak urte luzez lan egin dugu gure ordezkari politikoei helarazteko zein garrantzitsua den Bizikidetza II – LAZO bezalako proiektu bat ez onartzea; izan ere, gaur egungo arazoak betikotzeaz gain, Andoaingo garapen eredua hamarkadetan baldintzatuko duen azpiegitura da.
Horretarako, Udalean eta Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiekin bildu gara. 3.500 sinadura baino gehiago bildu ditugu eta ehunka alegazio sustatu ditugu. SESTRAk egindako azterketa konparatiboaren jarraipen-mahaian parte hartu dugu. Eta konparaketa horren sozializazio-prozesuan ere aritu gara.
Azkenik, Andoaingo herriak argi hitz egin zuen: %93,78k Kanpo Saihesbide Hobetua aukeratu zuen.
Hala eta guztiz ere, Foru Aldundia Andoainera etorri zen, ustezko "plan integral" bat aurkeztu zuen, herritarren galderei erantzutea saihestu zuen eta alde egin zuen esanez LAZOa zela Andoaingo eta Gipuzkoako beharrei ondoen erantzuten zien irtenbidea.
Hori ez da elkarrizketa. Hori ez da parte-hartzea. Hori ez da herri bati entzutea. Horrek izen bat du: INPOSAKETA.
Eta horixe da, hain zuzen ere, sentitzen duguna: baztertuak, gutxietsiak eta sakonki engainatuak. Galdetzen diogu geure buruari zergatik eusten dion Aldundiak hainbesteko temaz lurraldeko segurtasun eta mugikortasun arazoak konpontzeko jaiotzetik bertatik eskasa den proiektu bati; etorkizunean beste esku-hartze batzuk behartuko dituen eta, gainera, Andoainen izango dituen eraginak areagotuko dituen proiektu bati.
Zergatik tematzen da azterketa teknikoek beste aukera batzuen azpitik kokatzen duten azpiegitura batean? Zergatik baztertzen da segurtasun, mugikortasun eta etorkizuneko plangintza hobeak eskaintzen dituen irtenbide bat?
Galdera horiek erantzunak merezi dituzte. Izan ere, teknikoki, sozialki eta demokratikoki zalantzan jarritako erabaki bati ebidentzia guztien aurka eusten zaionean, herritarrek eskubidea dute benetan zer interes defendatzen ari diren galdetzeko.
Baina gaur bereziki Andoaingo interesak defendatzeko aukeratu genituenengana zuzendu nahi dugu. Non daude gure ordezkari politikoak herriak gehien behar dituenean? Nor ari da Andoain defendatzen Aldundiaren aurrean?
Ulertezina da joan den uztailaren 1eko bezain garrantzitsua izan zen bilera batera alkatea bera ere, udalerriko ordezkari instituzional gorena, gonbidatu ere ez izana.
Eta kezkagarria da bertan egon ziren batzuen isiltasuna. Udalbatzak onartutako akordioen defentsa irmoa entzutea espero genuen. Urrian aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zutenek jarrera hori publikoki defendatzea espero genuen. Norbaitek Aldundiari gogoraraztea espero genuen Andoaingo herriaren agindu demokratiko bat badagoela.
Ez zen hala izan. Eta isiltasun horrek mina ematen du. Izan ere, herritarren ordezkariek inposaketa baten aurrean isiltzen direnean, herri abandonatu baten sentipena geratzen da.
Are gehiago, PSE-EEko ordezkariek Basteroko auditorioaren azken ilaretan esertzea aukeratu zuten, horrela urrian osoko bilkuran LAZOren aurka agertu zuten jarreratik urruntze kezkagarria erakutsiz. Alderdi batek osoko bilkuran LAZOren aurka dagoela adierazten badu, jarrera horri eutsi behar dio une erabakigarria iristen denean ere. Ez da nahikoa mozio baten alde bozkatzea, gero Aldundiak proiektua inposatzen duenean isilik geratzen bada.
EAJ-PNVko zinegotzien jokabideak aipamen berezia merezi du. PSE-EEko ordezkariak azken ilaretan ezkutatzen baziren, PNVkoak lehen ilaran eserita zeuden Eider Mendoza diputatu nagusiarekin batera, haren aholkulari lanetan murgilduta, baina Andoaingo zinegotzi gisa ia ezagutezin. Horregatik, argi galdetzen diegu: nor ordezkatzen dute Aldundiaren ondoan esertzen direnean: Gipuzkoa gobernatzen duena ala hautatu zituen herria?
Zinegotzi kargua duen orok bere auzokideen interesak defendatu behar ditu, alderdiaren diziplina edo bestelako erantzukizun instituzionalen gainetik. Norbaitek uste badu ezin dituela interes horiek defendatu, beste konpromiso politiko batzuk gailentzen zaizkiolako, seriotasunez hausnartu beharko luke ea Andoain ordezkatzeko zilegitasuna osorik mantentzen duen.
Hala ez bada, DIMISIOA EMAN BEHARKO LUKE, bere erantzukizuna alde batera uzteagatik, inkoherentziagatik eta, azken batean, Andoaingo interesak defendatzeko hartu zuen konpromisoari ez erantzuteagatik.
Kezkagarria da ikustea politika gehiegitan titularretara, sare sozialetara, bideoetara, argazkietara edo antzuak diren liskarretara mugatzen dela; bitartean, Andoainek datozen hamarkadetan izango duen arazo handienak ia ez du erantzun irmorik jasotzen gu defendatzeko hautatu zituztenen aldetik.
Ez dugu keinu gehiago behar. Ez dugu adierazpen anbiguorik behar. Ausardia behar dugu. Koherentzia behar dugu. Aldundiak huts egiten duenean burua makurtuko ez duten ordezkariak behar ditugu. Alderdi-diziplinagatik, interes pertsonalengatik edo etorkizuneko karguengatik Andoaingo interesak sakrifikatuko ez dituzten ordezkariak.
Herriak kontraesan horiek ikusten ditu. Eta horregatik dago herria sakonki haserre. Zeren eta zinegotziaren akta hura posible egin zuen herriarena baita, ez alderdi politiko batena. Lau urtean behin gure konfiantza ematen dizuegu gure interesak defendatzeko, ez isiltasuna administratzeko edo inposaketak onartzeko.
Andoainek trafiko, kutsadura eta hiri-garapen arazo larriak ditu; eta Gipuzkoak ere segurtasun vialeko eta mugikortasuneko arazo larria du A-15aren eta N-1aren arteko lotunean.
Eta bada irtenbide hobe bat. Andoaingo HAPOn aurreikusitako Kanpo Saihesbide Hobetua da egungo eta etorkizuneko erronkei eraginkortasun handienarekin erantzuten dien alternatiba, eta segurtasun, funtzionaltasun eta gaitasun berme onenak eskaintzen dituena.
Horregatik, gure ordezkari politiko guztiei exijitzen diegu jasotako aginduaren mailan egon daitezela. Udalbatzak onartutako akordioak irmotasunez defenda ditzatela. Andoaingo benetako beharrak defenda ditzatela. Beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela.
Andoaindar guztien alkateari exijitzen diogu proiektu hau geldiarazteko beharrezkoak diren jarduera administratibo, politiko eta judizial guztiak erabakitasunez gidatu ditzala. Gaur, inoiz baino gehiago, Andoainek bere herriaren defentsan bat eginda jardungo duen Udala behar du.
Eta hamazazpi zinegotziei exijitzen diegu beren erantzukizuna ausardiaz, koherentziaz eta hautatu zituztenekiko leialtasunez bete dezatela. Jaso zuten agindua ez baitzen besteren interesak defendatzea; Andoain defendatzea baizik.
LAZOA EZ!".
Pleno luzea
Bi ordutik gorako plenoa izan zen. Aztergaiak ez ziren gutxi izan eta, bestalde, Otietako zentralaren jabeak ere hitza hartu zuen galde-erreguen tartean. Plenoa, bere osotasunean, ikusgai dago Youtuben.
