"Andoaingo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio bertan behera utz dezala Andoaingo lazoa deritzon proiektua"

Jon Ander Ubeda 2026ko uztailaren 28a

Dagoeneko 2.100 alegazio aurkeztu dituzte andoaindarrek Lazoa egitasmoaren aurka. Andoaingo Udalak ere alegazio-sorta aurkeztuko du eta horren berri eman dute prentsa-agerraldian.

Lazoa Andoainentzat konponbidea ez dela sinetsita, Andoaingo Udalak alegazio-sorta aurkeztuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Dagoeneko, gainera, publiko egin dute alegazioak jasotzen dituen txostena. Hori egin aurretik, atzokoan, Hirigintza batzorde berezia deitu zuten eta bertan Udal gobernuak osatutako txosten juridiko-teknikoa bozkatu zuten. Gehiengoz onartu zen, EHBildu, PSE-EE eta Podemosen aldeko eta EAJ-PNVren aurkako botoekin. Sozialistek sare sozialetan zabaldu dute euren ikuspegia eta, gaurkoan, Udal Gobernu taldeak agerraldia deitu du.

Pleno aretoan egin duten prentsaurrekoan, Udal gobernu taldearen izenean, Garazi Usandizagak plan integralaren beharra iradoki du: "Andoaingo lazoa ez da jarduketa isolatu bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren plan zabalago baten lehen zatia baizik. Horregatik, Udalak uste du ezin dela proiektu hau bakarka aztertu, haren ondorioak ulertzeko beharrezkoa baita plan osoa batera ebaluatzea".

Andoni Alvarez Alkateak bere adierazpenean, ildo beretik jarraitu du: "Andoaingo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio bertan behera utz dezala Andoaingo lazoa deritzon proiektua eta lehentasunez berreskura  bezala, indarreko udal plangintza eta lurralde antolamenduan jasota dagoen N1  errepidearen saihesbidearen alternatiba, trafikoen benetako segregazioarekin eta epe luzerako mugikortasun helburuekin bateragarriagoa den konponbidea delako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!