Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu duela adierazi du LAB sindikatuak. Joan den asteartean Lakuan egin zen Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailean lortu zen akordioa. “Udal horietako langileen ordezkarien bitartez udalekin batetik, eta Haurreskolak Partzuergoko ordezkarien bitartez Hezkuntza Sailarekin bestetik, langile guztiei begirako irtenbideak negoziatu dira azken aldian”, sindikatuak jakinarazi duenez.
LAB sindikatuak gogoratu duenez, 2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak “aldebakarrez erabaki zuen udal haur eskolei diru-laguntzak emateari utziko ziola, haur eskola pribatuen diru-laguntzak mantendu dituen arren”. Finantzazio gabezia horren ondorioz, “tokiko administrazio batzuek Haurreskolak Partzuergo Publikoan integratzeko erabakia hartu behar izan dute”.
Era horretan, Araban Gaubeako eta Gipuzkoan Andoain, Usurbil, Oiartzun, Ordizia eta Aretxabaletako haur udal eskolak irailaren 1ean Haurreskolak Partzuergoan integratuko dira Sindikatuak gaineratu duenez, “iragarpena egin zenetik ziurgabetasuna nagusitu da integratuko diren udal haur eskoletako langileen artean”.
Galardiko langileen mesederako
Akordioaren nondik norakoa zehazteko orduan, sindikatuak adierazi du “titularitate pribatua duten haur eskolatako langileak Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenera atxikitu eta bertako langileak” izango direla subrogazioa tarteko. Andoaingo Galardi haurreskolaren kasuan, zehaztu du karrerako funtzionarioek jubilatu arteko lanpostua mantenduko dute udalean eta hezitzaile gisa lanean jarraitzeko aukera izango dutela. “Langileek -hiru dira- nahi badute borondatezko eszedentzia bitartez lanpostu berdinean jarraituko dute lanean, betiere haien izaera mantenduz eta errespetatuz. Bitarteko funtzionarioak, berriz, ez dira kaleratuak izango, eta egungo lanpostuetan jarraituko dute 2028ko abuztuaren 31 arte gutxienez".
Haurreskolak Partzuergo Publikoa da, EAEko 0 eta 2 urte bitarteko haurrei harrera eta hezkuntza eskaintzen dien erakunde publikoa, Eusko Jaurlaritzak eta udalek osatua.