"Auzotarrek oso ondo erantzuten dute, beti daude laguntzeko prest"

Lide Ruiz Telleria 2026ko abuztuaren 7a

Abuztuaren amaieran, Sorabillako jaiak ospatuko dira beste urte batez. Jaiak hasi aurretik, Jai Batzordeko Anek eta Arkaitzek aurtengo festen antolaketa eta prestaketaren nondik norakoak azaldu dituzte. 

Aro berriaren bigarren jaiak antolatuko dituzue Sorabillan. Zer izan da zailagoa: jaiei berrekitea ala bigarren urtez jarraian antolatzea?

Arkaitz Amenabar. Egia esan, zailagoa da festei berriro ekitea. Iaz festak berreskuratu berri genituenez, dena azken orduan antolatu genuela sentitu genuen, korrika eta presaka. Hala ere, aurten lan gehiago hartzea erabaki dugu, baina ilusio handiz ekin diogu erronkari. 

Ane Amenabar. Bai, iaz egoera nahiko ziurgabea zen, ez genekien gauzak ondo egiten ari ginen ala ez, eta egia da herritarrek asko laguntzeaz gain, asko animatu gintuztela. Horrek motibazioa eman zigun festak antolatzen jarraitzeko. 

Iazkotik zein ikasgai hartu duzue?

Arkaitz. A. Batez ere, dena lehenago egitea. Horrez gain, momentuan bururatzen zaiguna idaztea, eta aurrera eraman nahi dugun gauzaren batek huts egiten badu, kontuan hartzea beste aukera batzuk egon daitezkela. Kontzertuen kasuan, adibidez, talde batek ezin badu jo, euskal kulturan oinarritutako beste talde batzuk egongo dira jotzeko prest. Gauza horiek aurreikustea, adibidez.

Ane. A. Gure artean giro ona egoteak ere asko laguntzen du antolaketan. Auzoan denek eskua bota dute laguntzeko, eta hori asko eskertzen da. Ez da lau pertsonen artean antolatzen den zerbait, jende askoz gehiago behar da. 

2025ean auzotarren zein mezu edo erreakzio jaso zenuten?

Arkaitz. A. Denetarik iritsi zaigu, baina, gehiengoak ilusioarekin hartu du. Auzo honetan bizi izan diren batzuk orain kanpoan bizi dira, eta garai batean jaietan antolatzen diren jarduerak -zikiroa eta desafioa, esaterako- gaur egun ere antolatzen ditugu,  eta horregatik ere, erakargarria izan daiteke garai batean auzoan bizi izan zirenentzat. 

Eta zuek antolaketan egonda, jaiez gozatzeko aukera izan zenuten?

Arkaitz. A. Bai, beste modu bat da jaiez gozatzeko. Mila kontura gaude gauzak ondo ateratzeko, baina gozatzeko aukera ere izaten dugu. Adibidez, iaz auzoko plaza beteta zegoen, guk ez genuen inoiz horrela ikusi, eta horrek motibazio handia ematen digu antolatutako gauza horiekin aurrera jarraitzeko. 

Ane. A. Bai, egin dugun lanak funtzionatzen duela ikustean asko disfrutatzen dugu. 

Aurten ere festak abuztuaren amaieran izango dira. Datak aurreratzea, beraz, ideia ona izan zen?

Arkaitz. A.. Bai. Zalantza handiak izan genituen hasieran, izan ere, datak nahiko sakratuak izaten dira, eta ohitura kontua da. Segurtasun eza ere sentitu dugu, inguruko festak ere irailean hasten baitira, eta auzoa hutsik ez ikusteko erabaki genuen asteburu bat lehenago hastea. Udarari amaiera emateko aukera ona izango zela pentsatu genuen, irailean lanera eta eskolara gogotsu bueltatzeko.

Sorabilla Trail izango da aurtengo berrikuntza nagusia. Kontaiguzue, nondik nora lasterketa antolatzeko ideia?

Ane. A. Gauza berriak antolatzen eta eskaintzen joan nahi dugu. Duela urte batzuk antolatzen zen, eta oroitzapen polita daukagu. Horregatik, berreskuratzea polita izango zela pentsatu genuen. Denon artean ibilbidea adostu genuen, eta egia da, antolakuntzan jende asko behar dugula. Baina, espero dugu giro ona egotea, eta ikusiko dugu ea nola ateratzen den.

Zein bereizgarri ditu lasterketak?

Ane. A.Oraindik ez dugu ezer esan, baina buruan baditugu ideia batzuk. Hasiera-hasieratik, korrikalariak aldapa gogor batekin hasiko dira, eta ikusiko da ea jendea nola moldatzen den erritmoak erregulatzeko. Horrez gain, lasterketan zehar sorpresa batzuk egongo dira. Espero dugu denek asko disfrutatzea. 

Jakin dugunez izen ematea itxita dago gehienezko kopurua beteta. Harrituta, erantzunarekin?

Arkaitz. A. Bai. Egia da, hasieran ez genuela partaidetza handi bat jarri nahi izan, kopurua ez betetzeko aukera ikusi genuelako. Baina zalantzarik gabe, uste baino azkarrago bete da. Bai gazteek, bai helduagoak direnek izena eman dute, eta horrek hurrengo urteari begira gauzak birpentsatzera bultzatu gaitu. Baina, lehenago aurtengoa nola aterako den ikusi behar dugu.

Jaiak antolatzen ari zarete, baina antolaketa-lanetarako laguntza gehiago beharko duzue (krosean, esaterako). Guztia zenbat lagunek parte hartuko dute, orotara, antolaketa-lanetan?

Ane. A. Lasterketari dagokionez, 100 lagun inguru beharko genituela kalkulatu dugu, bidetan ibiltzeko, eta bidea seinaleztatzeko. Jende asko behar dugu, eta auzotar asko etorri zaizkigu laguntzeko prest daudela esanez, eta zentzu horretan, gustura gaude jendeak izan duen erantzunarekin. Izen-emateak bete egin dira, eta jendeak itxarote-zerrenda egitea eskatu zigun, guk egia esan, ez genuen espero jende gehiagok ere sartu nahiko zuenik. Horrez gain, WhatsAppeko talde bat egin dugu informazio guztia bertatik bidaltzeko, eta zehazteko laguntza zein arlotan behar dugun. Oro har, auzotarrek oso ondo erantzuten dute eta beti daude laguntzeko prest.

Bukatzeko zer esango zeniekete auzotarrei eta herrikideei, jaietara hurbildu daitezen?

Ane. A. Batez ere, azpimarratuko nuke, etortze hutsa eta giro ona sortzea eskertzen dugula. Bestalde, festen antolaketan ere ekarpena egiteko asmoa badute asko eskertuko dugu. 

Arkaitz. A. A. Bai, festetan parte hartzea eskertzen dugu, eta batez ere, lasterketa baino lehenago itxiturak errespetatzea, eta auzoa zaintzea esango nieke. Gu oso gogotsu gaude eta espero dugu haiek ere horrela egotea. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!