[Postontzia]

Dagokionari: komunitatea sendotu

Iñaki Perez de Eulate 2026ko abuztuaren 14a

Bazkardoko ingurua, orain 50 bat urte

Aldaketa eta gainbehera garaiak. Azken ekaina eta uztaila bitartean bero kolpeak jota 60 pertsona hil dira Euskal Herrian. Ganaduzale eta nekazariek ur eta bazka falta pairatzen dute lehortea dela eta.

Alemania, Hungaria, eta Errumaniako zentral nuklearrak itxi beharra, Rihn eta Danubio bezalako ibaiek zentraletako nukleoak hozteko nahiko emari ez dutelako.

Hego hemisferioko gerrak eta goseteek migrazio garrantzitsuak sortzen ari diren garaiak bizi ditugu.

Azken finean, aldaketa klimatikoko garaiak bizi ditugu, ezinbestekoak dituzte eraldaketa handiak, baita Andoainen ere, eta horretarako modu komunitarioan egin beharko dira plangintzak eta garapenak.

Aldaketa hauek zentzuz eta bermeekin egitekotan, berebiziko garrantzia dauka N1 eta A15 errepideen lotura nola gauzatuko den.

Datozen erronkei aurre egiteko komunitate sendoa behar dugu. Ez nuke ikuspegi partidista bat helarazi nahi idatzi honekin. Baizik eta erasandako komunitatean zenbaitzuk gaur egun daukaten ikuspegia aldaraziko dien gogoeta bat bistaratu.

Hau dela eta, andoaindar askok helarazi didaten hausnarketa bat plazaratu nahi dut idatzi honen bitartez. Nere aita zenaren lagunarte eta lan munduko pertsonak eta baita neroni ere CII-aren aurkako plataforman modu aktiboan aritu nintzelako, Alkain jauna eta Asensio jaunaren sentsibilitate politikoa duten Andoaingo dozenaka pertsona hurbildu zaizkit. Eta hauxe da aurkezten didaten gogoeta:

- Sinesgarritasuna ez da pertsona edo eragile bati suposatzen zaion gauza. Irabazi beharrekoa baizik.

- Hitzak eta ekintzak batera joan behar dute.

- Alkain jaunak eta Asensio Jaunak LAZOAren proiektua gelditzeko eskaera egin dezatela eta mozio bat aurkeztu dezatela Batzar Nagusietan LAZOA proiektua gelditzeko eta bultzatu dezatela Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluan.

Berriro diot gogoeta honek ez duela inongo intentzio partidistarik; aurrerantzean, andoaindar guztien ongizatea lortu ahal izateko beharrezkoak diren aldaketak burutuko dituen Komunitatea sendotzeko premia aldarrikatu nahi du, besterik gabe.

Alkain jaunaren inguruko dozenaka pertsonek egin duten hausnarketa honi kasu egingo bagenio, ideia hau erdigunean jarriko litzateke Andoaingo etorkizuna eraikitzeko. Kasurik egin ezean, ideia hau jokotik at geratuko litzateke, eta ez litzateke andoaindarren ongizatea lortzeko protagonista izango.

Jakinik Alkain eta Asensio jaunek andoaindar hauen hausnarketaren garrantziaz jabetuko direla, eta gainera, lehen bait lehen eskaerari kasu egingo dietela, bada, LAZOAk etorkizun eskasa duela esatera ausartuko nintzateke. Bi jaun horien esku dago hala izatea. Baina, kontuz! Egun beraiengan konfiantza daukaten hainbat herritarrek bizkar eman diezaiekete luze gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!