Santa Krutz eliza birgaituko dute

Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako ondare erlijiosoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko zenbait esku-hartze egingo ditu 2026an, Aldundiaren laguntzarekin. Gipuzkoako Elizaren jabetzakoak diren hamar eraikin historikoetan egingo dute esku-hartze hori; tartean, Santa Krutz eliza birgaitzeko asmoa agertu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzareki egingo dituzte jarduketa horiek.

Zehaztu dutenez, nagusiki, estalkiak, eliz atariak eta denboraren joanak eragindako beste elementu arkitektoniko batzuk birgaitu eta saneatu egingo dira.

Hamar ondare historikoetan egingo dute esku-hartzea, esan bezala:

- Zeraingo Andre Mariaren Jasokundearen eliza: estalkiak saneatu.

- Andoaingo Gurutze Deunaren eliza: birgaitu.

- Segurako Andre Mariaren Jasokundearen eliza: birgaitu.

- Aiako San Esteban eliza: garbitu.

- Bergarako Santa Marina eliza: atariaren saneamendua.

- Oikiako San Bartolome eliza: atariaren saneamendua. - Azpeitiko Soreasuko San Sebastian eliza: kanpandorrea sendotu.

- Altzo-Azpiko San Salvador elizan ere jarduketa bat egitea aurreikusten du. Garrantzi historiko bereziko eraikina da, Gipuzkoa izenaren ezagutzen den lehen aipamen idatzietako bat gordetzen baitu, 1025. urtekoa.

- Askizuko San Prudentzio ermita: birgaitu. XII. mendeko aztarna arkeologikoak gordetzen ditu

- Getariako San Salvador eliza: estalkiak saneatu.

Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, esku-hartzeei esker, “higiezinen narriadura geldiarazi, egonkortasuna hobetu eta balio bereziko eraikuntza- eta arkeologia-elementuak babestu ahal izango dira. Estalkiak eta eliz atariak birgaitzea bereziki garrantzitsua da iragazketak eta kalteak saihesteko, horrek arriskuan jar baititzake bai egiturak bai barruan dauden ondasunak”.

Gogorazi dute prebentziozko kontserbazio-politikari eutsi nahi diotela “kalteak konponezinak izan aurretik jardun ahal izateko eta lurraldeko kultura-ondarea ahalik eta baldintza onenetan transmitituko dela ziurtatzeko”.

Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak adierazi du ondare erlijiosoa gure herrien memoriaren, historiaren eta paisaiaren parte dela. “Hori kontserbatzeak ez du esan nahi soilik eraikinak babestea, baizik eta gure komunitateak nola eraiki diren azaltzen duten testigantzak gordetzea eta hurrengo belaunaldiek ezagutzen eta gozatzen jarraitu ahal izatea bermatzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!