Andoaingo Guduari buruzko ibilaldia gidatua, irailaren 12an

2023an egindako ibilaldi gidatua Unanue kontatzaile izanik, Plaza Morean

Irailaren 12an, larunbatarekin, Andoaingo Gudua gertatu zeneko 189. urteurrena beteko da, eta horren harira, guduari buruzko ibilaldi gidatua antolatu du Larramendi Bazkuna, aurreko bi urteetan egin duen bezala. Jada eman liteke izena bertan parte hartzeko; doan da.

10:30ean hasiko da, eta ordu pare batez, Andoaingo kale eta txokoetan barrena ibiliz herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren berri emango die Larramendi Bazkuneko Jon Unanuek parte-hartzaileei.

Kaleberria 50ean (Gipuzcoano zaharra) emango zaio hasiera, eta, Goikoplazan bertan amaituko da.

Azalpenak entzuteaz gain, gertakariak izan zireneko lekuak ikusi ahal izango dituzte parte-hartzaileek.

Gehienez ere 25 lagunek parte har dezakete, eta aurretik izena eman beharko da, doakoa izango den arren. Horretarako, harrera@larramendibazkuna.eus helbidera idatzi beharko da, edo 656-782-521 zenbakira deitu.

 

Goza-sarraski galantako gertakaria

Larramendi Bazkunak zabaldu duen oharrean, zehazten du 1837ko irailaren 14an gertatu zela Andoaingo Gudu izenez ezagutzen den borrokaldia tropa karlisten eta liberalen artean, lehenengo Karlistaldian, eta batik bat, giza-sarraski galanta eragin zuela bertan.

Hona osorik, Larramendi Bazkunak egin duen kontaketa pasarte historiko tragiko hura gogoan hartuta:

“1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo gudua, Gurutze Santua goratzeko Eliza katolikoak izendaturiko egunean (urteak bi Gurutze Santu egun baitauzka), lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren.

Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri zen eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.

Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!