Urrian ekingo diote denboraldiari, “Catalogo de ausencias” erakusketa inaugurazioarekin. Hain zuzen ere, Jose Ignacio Agorretaren obrak bilduko ditu, eta erakusketari lotuta, urriaren 27an, Lanbora eleberriaren tertulia literarioa egingo da, Aiurrik antolatuta. Aiurri hedabidearen eskutik ere, erakusketaren itxieran -azaroaren 5ean-, Don Inorrez taldeak emanaldi laburra eskainiko du. Ekimen horiek guztiak erakusketaren inguruan antolatuko dira.
Dantzari dagokionez, Pausoka Dantza Taldeak, Metrokoadroka konpainiak eta DAB konpainiak azken lanak aurkeztuko dituzte. Era berean, Andoaingo lehen Erromeria eguna ere ospatuko da, eta programazioa urriaren 17an aterako da.
Publiko guztientzako ekitaldiak
Helduentzat antzerkia programatu da, eta hiruhileko honetan: Femenissimas eta 52 hercios lanak ikusteko aukera egongo da. Gaztetxoek, berriz, Lamiaren Ispilua antzerkia ikusi ahal izango dute, azaroaren 15ean.
Urritik abendura, musikaren txanda izango da. Zehazki, Gipuzkoan Gazte Tour ekimeneko artistak, Karena taldea eta Sakanako eta Andoaingo musika banden ikuskizun bateratua eskainiko da, Basteron.
Bastero-Kafe formatua
Bastero-kafe formatuan bi ekitaldi antolatu dituzte: Karena Taldea (aurretik aipatutakoa) eta Dando la nota inpro eta musika ikuskizuna.
Sari banaketa
Rikardo Arregi Kazetaritza saria martxan da, eta irailaren 20ra arte dago irekita hautagaitza aurkezteko epea. Horren ostean, azaroaren 20an, Kazetaritza eta Komunikazioko Sarien banaketa ekitaldia izango da Basteron. Udal arduradunek herritarrei ekitaldira joateko gonbita luzatu diete, saria “herritarrez beteriko Basteron” banatu nahi baitute. Bestalde, Martin Ugalde ipuin eta gutun lehiaketa hurrengo egunetan jarriko da martxan, eta sari banaketa azaroaren 11n izango da.
Ikuskizunetako sarrerei dagokionez, bazkideek irailaren 14tik aurrera izango dute erreserbatzeko aukera, eta irailaren 17tik aurrera sarrerak salgai egongo dira, Basteroko Kulturguneko leihatilan eta Basteroko webgunean: www.bastero.eus gunean.