Ahalduntzean sakontzeko ikastaro-sorta aurkeztu dute

Iraia Sanchez Arregi

Emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzeko egitasmo ugari eskainiko ditu Andoaingo Udaleko Berdintasun sailak. Jarduera guztien xehetasunak biltzen dituen eskuorria datozen egunotan jasoko dute herritarrek.

Jabekuntza Eskolak emakumeen parte-hartze sozial eta politikoaren sustatzaile izateaz gain, harremanetarako eta esperientziarako espazio ere badira. Eta Andoain norabide horretan sakontzen ari da azken urte hauetan.

Eskaintzen diren ikastaro eta lantegi guztiak doan izango dira, baina aldez aurretik jarduera bakoitzean izena eman beharko da. Plazak mugatuak direnez, plaza kopurua gaindituz gero, aldez aurretik izen eman duten emakumeen artean zozketa egingo da. Andoainen erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Lekurik lortzen ez dutenak, berriz, itxaron zerrendan geratuko lirateke. Ikastaroetan izena eman ahal izateko, gutxienez 16 urte beteta eduki beharko dira. Izena emateko epea ikastaroa hasi baino 15 egun lehenago itxiko da, eta jarduera bat aurrera ateratzeko gutxienez 6 emakumek eman beharko dute izena.

Mota guztietako jarduerak eskuragarri

Taupada ondoeza edo gaizki tratatzen dituztela sentitzen duten emakumeei zuzendutako zerbitzua da. Emakumeen autonomia sustatzea bilatzen du, eta ondoeza jasaten duen emakumeari laguntza eskaintzeaz gain, haren ingurukoei ere  eskainiko die. SexGuneak, berriz, sexu eta bikote aholkularitza profesional eta isilpekoa eskainiko du. Bi zerbitzu horiek jaso ahal izateko aurretiko hitzordua eskatu beharko da.

Musikara gerturatu eta jendeari gozarazi nahi diotenentzat Batukada feministan parte hartzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, jarduera fisikoa egin eta kirol munduan murgildu nahi duenak eskaladako hastapenetarako oinarriak jaso ditzake.

Ongizate emozionalerako eta autozainketarako lantegiak ere egongo dira. Norbera bere buruarekin eta inguruarekin hobeto sentitzen ikasteko balioko dute. Horrekin batera, perimenopausia edota menopausia garaian aurkitzen diren emakumeentzako nutrizio ikastaroak egongo dira. Horien bidez, emakumeei etapa horietako aldaketa fisiko eta emozionalak hobeto ulertzen lagundu eta elikaduraren nahiz ohitura osasungarrien bidez sintomak arintzeko tresnak emango zaizkie. Kosmetika naturala II ikastaroaren bidez ere osasunerako onuragarriak diren produktu kosmetikoak egiten ikasteko aukera egongo da.

Kultur arloari lotuta ere hainbat jarduera eskainiko dituzte. Batetik, “memoriaren sokak: arte-hezkuntza feminista” lantegian Rut Olabarri artista garaikidearen lana oinarri hartuta txontxongilotzaren artea ezagutuko da. Bestetik, “ibilian irakurri: zahartzeko moduak euskal literaturan” irakurketa-taldean zahartzeko maneren inguruko literatur lan laburrak eta pasarte literarioak izango dira hizpide. Gainera, jatorri anitzetako emakumeek elkargune multikultural bat ere izango dute. Bertan, emakume eta migratzaile gisa izandako bizipenak elkarbanatuko dituzte, eta beste kultura batzuk ezagutzeko espazio ere izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!