Alderdiaren babes zabala jaso zuen Mikel Urdangarin EAJ-PNVren alkategaiak

Jon Ander Ubeda

Euge Arrizabalaga, Mikel Urdangarin eta Eider Mendoza. Argazkia: EAJ-PNV.

“Auzoak, pertsonak eta etorkizuna” izango dira Mikel Urdangarin Castro EAJ-PNVren hautagaiaren ardatzak, 2027-2031 ziklo politikoari begira.

Norabidea aldatu beharra dagoela uste du hautagai berriak: “Andoainek bultzada berri bat behar du. Horregatik hartu nahi dugu lidergoa geure gain; ez soilik ondo kudeatzeko, baita gaur egungo arazoei aurre egiteko eta etorkizunari anbizioz begiratzeko ere”. Izan ere, Urdangarinen ustez, “Andoain geldirik dago. Eta ez da sentsazio hutsa. Kalean ikusten da, eta auzokideekin hitz egiten dugunean entzuten dugu”.

Adibide zehatzak hizpide izan zituen, hots, Allurralde kiroldegia handitzeko proiektua, Illarramendiko udal zerbitzuen pabiloia eta udal-liburutegi berria. Zorroztasunean, seriotasunean, determinazioan eta anbizioan oinarrituko den politika egingo duela hitz eman du.

N-1aren eta A-15aren arteko loturari dagokionez, ozen adierazi zuen "Lazoari bai". Honatx bere hitzak: “Gu ez gaude pankartan, ezta beti ezetz esaten ere. Ez gara konfrontazioan eroriko, eta ez dugu populismorik egingo. Ezetzaren aurrean, gu baietzean gaude. Irtenbideetan gaude. Bai Lazoari. Bai Mimendi estaltzeari. Bai Belkoain babesteari. Bai udalerrirako sarbide berriak sustatzeari. Bai Allurraldeko bihurgunea hobetzeari. Bai Sorabillari. Bai Andoain osoa hobetzeari".

Bestalde, datorren astean hasita, herriko eragileekin bilera-sorta iragarri du: "andoaindarren kezkak, ideiak eta proposamenak ezagutu eta entzun nahi ditugu, eta, hala, bide hau elkarrekin eraiki”. Horrez gain, gizarte, kultura, euskara, ekonomia eta hainbat alorretan egin nahiko lukeena iragarri zuen Goikoplazan.

Alderdiaren babesa

Hautagaiaren aurkezpen ekitaldian Gipuzkoako jeltzaleen babesa jaso zuen. Bertan izan ziren Eider Mendoza Ahaldun Nagusia, Maribel Vaquero Espainiko Kongresuko bozeramailea, Euge Arrizabalaga GBBKo lehendakaria, Joseba Egibar GBBko lehendakari ohia, Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Andoaingo eta Urnietako jeltzale ezagun ugari. Tartean, Mikel Arregi, Marijose Izagirre, Iñaki Egibar, Alex Huitzi, Txitxu Ruiz, Idoia Mikelez, Imanol Goenaga, Mikel Pagola Urnietako alkate ohia, Agurtzane Mercader Urnietako alkate-ordea  eta abar luzea. Nola ez, han ziren Mikelen gurasoak eta etxekoak.

Hiru hizlari, Goikoplazan

Imanol Goenaga aurreko alkategaiak eta egungo jeltzaleen bozeramaileak egin zituen aurkezle lanak. Bereziki gogor aritu zen EH Bilduren politiken aurka. EAJren eta hautagai berriaren defentsa sutsua egin zuen, bestalde.

Ekitaldiari amaiera emateko Euge Arrizabalaga GBBko lehendakariak hartu zuen hitza. Aita Larramendiren hainbat aipamen egin zituen abertzaletasunaren, euskararen eta konpromisoaren aldeko defentsa eginez. Hautagai berriari, bide batez, herriaren alde hartutako konpromisoagatik zoriondu eta alderdiaren babes osoa zuela adierazi zion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!