1837ko irailean herriko kaleetan gertatu zen gertakari odoltsua gogoratu dute

Gaur, larunbatarekin, Andoaingo Gudua gertatu zeneko 189. urteurrena bete izanaren harira, guduari buruzko ibilaldi gidatua egin dute goiz partean. Larramendi Bazkunak antolatuta. Herriko zenbait kaleetan barrena ibili dira parte-hartzaileak, lehen karlistaldian (1833-1844) aditua den Jon Unanuek gidatuta.

Larramendi Bazkunak Kale Berria 50. zenbakian (Guipuzcoano zaharrean) eskuratu berri duen egoitzaren parean ekin diote ibilaldi gidatuari, eta lekuz leku, herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren berri eman die Unanuek parte-hartzaileei.

 

Giza-sarraski galantako gertakaria

Larramendi Bazkunak zabaldu duen oharrean, zehazten du 1837ko irailaren 14an gertatu zela Andoaingo Gudu izenez ezagutzen den borrokaldia tropa karlisten eta liberalen artean, lehenengo Karlistaldian, eta batik bat, giza-sarraski galanta eragin zuela bertan.

Hona osorik, Larramendi Bazkunak egin duen kontaketa pasarte historiko tragiko hura gogoan hartuta:

“1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo Gudua, Gurutze Santua goratzeko Eliza katolikoak izendaturiko egunean (urteak bi Gurutze Santu egun baitauzka), lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren.

Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri zen eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.

Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!