Marta Lasa kultur zinegotziak eta Garazi Kamio idazle eta epaimahaikideak eman dute bi lehiaketen berri, eta agerraldian parte hartu dute, aldi berean, Diego Barrasa (EH Bildu), Arkaitz Alkain eta Belen Moreno (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin-Podemos) zinegotziek.
Gutunen lehiaketa izango du berrikuntza nagusia Martin Ugalde idazlearen izena daraman lehiaketak. Bi lehiaketa izango dira hortaz aurten: 10 eta 13 urte dituzten gazteei begirakoa ipuinen arloan, eta 14- ea 17 urteko gazteentzat gutunen arloan.
Ekimenaren helburua gazteen artean euskaraz idazteko zaletasuna sustatzea eta Martin Ugalde idazle andoaindarraren ondare literarioari jarraipena ematea direla lehiaketen helburuak, adierazi dute Marta Lasak eta Garazi Kamiok Basteron gaur egin duten aurkezpenean.
Lasak gaineratu duenez, “hiru hamarkada igaro dira lehenengo edizioa martxan jarri zenetik, eta denbora honetan guztian lehiaketa honek ehunka gazteren sormena, irakurzaletasuna eta euskarazko idazketa sustatu ditu”.
Lehiaketa bakoitza, bi mailatan
* Ipuin Lehiaketa:
1. maila: 10-11 urtekoena (2016 eta 2015 urteetan jaiotakoak).
2. maila: 12-13 urtekoena (2014-2013 urteetan jaiotakoak).
* Gutun Lehiaketa:
1. maila: 14-15 urtekoena (2012 eta 2011 urteetan jaiotakoak).
2. maila: 16-17 urtekoena (2010 eta 2009 urteetan jaiotakoak).
Gutun lehiaketarako gaia, jarrita
Gutunen lehiaketa berrirako gaia jarri dute, honakoa: parte-hartzaileek egoera kritiko batean daudela irudikatu beharko dute, eta lagun bati gutun bidez komunikatzeko beharra izango dute oinarri hartuta. “Ez duzu telefonorik, ez dago internetik, eta ez dakizu zure lagunak gutuna irakurriko duen, baina komunikatzea behar duzu”.
Ipuin lehiaketarako, berriz, gaia libre jarri dute.
Urriaren 8an aurkeztu beharko dira lanak, Bastero Kulturguneko harreran edo posta elektronikoz, martinugalde@andoain.eus helbidera bidalita.
Azaroaren 11n egingo da sari banaketa, Basteron.
Lehiaketen oinarriak eta informazio osoa: www.martinugaldefondoa.eus/ipuin-lehiaketa
