Hamar urte bete ditu Klaap dantza eskolak

Lide Ruiz Telleria

Ametsa errealitate bilakatu dutela aitortzen dute Cristina eta Leire Andreu sortzaileek. Eta, beraz, ikasleekiko oso eskertuta daude.

Hamar urte egin dituzue. Sendotu eginda dago zuen eskaintza. Espero zenuten horrelako ibilbidea osatzea hasi zinetenean?

Egia esan, ez. Hasieran, amets bat zen guretzat, ia iristezina zirudiena. Dantzan aritu gara betidanik, eta urte asko eman ditugu hainbat eskola eta herrialdetan dantza klaseak jasotzen eta gure formakuntza aberasten. Baita txapelketa ugaritan parte hartzen ere. Biek unibertsitateko ikasketak ere egin genituen, baina momentu batean gure ametsa errealitate bihurtzeko aukera sortu
zen, eta ez genuen zalantzarik izan.

Eta hemen gaude, hamar urte geroago, oso eskertuta. Urte hauetan zehar gure ikasle guztiek amesten jarraitzeko aukera eman digute, eta hori da guretzat gauzarik politena.

Hala ere, ez da erraza gaur egun dantza-eskola bat irekita mantentzea. Askotan ez da ikusten horren atzean dagoen lan eta ordu kopurua, eta batzuetan iruditzen zaigu dantza ez dela behar bezala baloratzen. Askotan, pausoak ikastea edo koreografia bat prestatzea besterik ez dela pentsatzen da, baina dantza klase baten atzean askoz gehiago dago gure ustez.

Haur eta gazte ugari erakartzen dituzue. Zein da zuen ustez Klaap  dantza eskolaren gakoa edo sekretua?

Gure ustez, gakoetako bat eskaintza zabala izatea da. Estilo desberdinetako klaseak eskaintzen ditugu eta irakasle ezberdinekin lan egiten dugu, ikasleek aukera desberdinak ezagutu eta ahalik eta prestakuntza osatuena jaso dezaten. Izan ere dantza klase batean gauza ugari lantzen ditugu: diziplina, emozioak, talde lana eta dantzari gisa hazteko baliabide ezberdinak. Dantzarien hazkundea eta etengabeko formakuntza funtsezkoak dira guretzat.

Horrez gain, oso garrantzitsua da guretzat eskola espazio segurua izatea. Inor epaitua edo aztertua sentitu gabe, norbera izateko eta askatasunez adierazteko lekua izatea nahi dugu.

Helduak ere zuekin ari dira. Zein eskaintza duzue helduentzat?

Helduentzat ere hainbat aukera ditugu: dantza garaikidea, urbanoa, jazza, eta Pilates.

Guretzat oso garrantzitsua da klaseak deskonektatzeko, gozatzeko eta taldean lan egiteko espazioa izatea. Heldu askok pentsatzen dute dantzan hasteko berandu dela, baina lehenengo pausoa eman eta hesi hori gainditzen dutenean, askotan konturatzen dira dantza ongizate fisiko eta emozionalerako ihesbide zoragarria izan daitekeela.

Azken finean, ez dago dantzan hasteko adinik. Garrantzitsuena gogoa izatea da eta norberari aukera ematea.

Aurtengo eskaintza zein izango da?

Aurtengo eskaintzari dagokionez, adin, maila eta estilo ezberdinetara egokitutako klase ugari ditugu. 3 urtetik aurrera hasi daitezke haurrak dantzan, eta, beraz, txikientzat, gaztetxoentzat zein helduentzat eskaintza zabala dugu.

Estiloei dagokienez, urbanoa da gure eskaintzaren oinarrietako bat, eta bere barruan hainbat estilo eta teknika lantzen dira. Horrez gain, jazz-funk, dantza garaikidea, Pilates eta beste hainbat aukera ere eskaintzen ditugu.

Aurten, gainera, klase rotatiboekin jarraituko dugu. Estilo eta irakasle ezberdinekin lan egiteko aukera ematen dute, eta bereziki interesgarriak dira noizean behin etorri nahi dutenentzat edo beren formakuntza aberastu nahi duten dantzarientzat.

Urtero, kanpotik etorritako irakasleekin hainbat “workshop” (klase bereziak) ere antolatzen ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da ikasleei dantzari gisa hazteko eta esperientzia berriak bizitzeko aukerak eskaintzea dantzaren munduan profesionalak diren irakasleekin. Izan ere, guk geuk ere, gure prestakuntzan, toki batetik bestera mugitu behar izan dugu irakasle eta estilo ezberdinengandik ikasteko. Esperientzia hori gure eskolara ekartzea oso aberasgarria iruditzen zaigu: gure ikasleek, etxetik gertu eta herrian bertan.

Interesatuak zer egin behar du izena emateko?

Interesa duen edonor jar daiteke gurekin harremanetan, telefonoz, posta elektronikoz, sare sozialen bidez edo zuzenean dantza eskolara bertaratuta.

Eta, batez ere, galdetzeko edo probatzeko beldurrik ez izatea esango genieke. Zalantzak izatea guztiz normala da, eta bakoitzari hobekien egokitzen zaion aukera aztertzea da garrantzitsuena. Horregatik, klase bat probatzea gomendatzen dugu beti: esperimentatu, ezagutu eta ikusi ea zuretzat egokia den.

Azken finean, dantzan hasi nahi baduzu, lehenengo pausoa ematea da garrantzitsuena. Gainerakoa, elkarrekin aurkituko dugu.

Basteron eta Sanjuanetan erakustaldi apartak egin dituzue. Zer moduzkoak izaten dira aurreko asteak? Urduri egoten zarete?

Urte osoan hainbat ekitalditan parte hartzen dugu eskolako talde ezberdinekin. Dantza Profesionalen Elkarteak antolatzen dituen erakustaldietan, gonbidatzen gaituzten emanaldietan, Naturaren Doinuak bezalako proiektuetan... Aukera bakoitza gure ikasleek oholtza gainean dantzaz gozatzeko eta ikasitakoa partekatzeko aukera bat da.

Baina, eskola bezala, indar eta protagonismo handiena duena Basteron egiten dugun ikasturte amaierako emanaldia izaten da. Dantza eskolak ilusioz, gogoz eta lan handiz prestatzen du emanaldi hau hilabeteetan zehar eta egun horretan urduritasuna egoten den arren, ikasleen aurpegiak ikustea, oholtza gainean sentitzen dena partekatzea eta familiek haiekin batera une hori bizitzea izugarria izaten da.

Sanjuanetan ere parte hartzen dugu, baina kasu honetan beste modu batean. Eskolako talde batzuk aukeratzen ditugu eta dantza eskolaren zertzeladatxo bat eskaintzen dugu, herriko jaietan ere gure txokoa izan dezagun.

Zer nolako maila dago zuen gaztetxoen artean?

Gure gaztetxoen artean izugarrizko maila dago! Andoainen eta inguruan dantzarekiko interesa eta zaletasuna badagoela uste dugu, eta hori oso pozgarria da guretzat.

Dantza eskolan dagoen maila ikusita aurten txapelketetan parte hartzea erabaki dugu. A ze erronka daukagun aurretik!

Dantzarekiko interesa badago, ikusita zenbat jende mugitzen den zuen ikuskizunetan.

Bai, oso pozik gaude daukagun harrerarekin urtez urte guregan sinisten jarraitzen dutenekin eta baita ikasle berriekin ere.

Hamargarren urteurrena dela eta zerbait berezia egingo duzue?

10.urteurrena ospatzeko sorpresak egongo direla besterik ezin dugu aurreratu...! Oraingoz, ezin dugu gehiago kontatu.

Non ikusten duzue zuen burua etorkizunean?

Etorkizunari begira, batez ere, dantzarekiko dugun pasioari eusten ikusten dugu geure burua. Hamar urte hauetan une eta etapa ezberdinak bizi izan ditugu, momentu onak eta ez hain onak ere bai, eta egunerokoan gorabeherak egon daitezke, baina guretzat funtsezkoena da hasieran amets hau errealitate bihurtzeko izan genuen ilusioa eta indarra ez galtzea.

Dantzarekin gozatzen jarraitu nahi dugu, eta gugan konfiantza jartzen duen jendearekin bide hau partekatzen jarraitu nahi dugu. Dantza munduan erreferente izaten jarraitzea, alegia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!