"Gakoa ikasleak eroso sentitzea da"

Lide Ruiz Telleria

Ibilbide luzea bezain oparoa du Ama Kandida etorbidean dagoen dantza akademiak. Andoaindik eta inguruetako udalerri askotatik hurbiltzen dira dantzazaleak. Bakartxo Arabaolaza Lasa akademiako sortzaileetakoa da.

Ikasturte berrirako nola doa matrikulazioa? Fidela da, oro har, zuen hartzailegoa?

Tangoa dantzatzen duten ikasleak oso fidelak dira. Tangoa zainetan sartzen zaizula esan ohi dute. Gainera, beharrezkoa da egonkor mantentzea eta entrenamenduei jarraipena ematea, batez ere hobetu nahi baduzu eta, oro har, dantzaz disfrutatzeko. Jende helduagoa, orokorrean, fidelagoa da.

Umeen eta nerabeen kasuan, dantza urbanoa da arrakasta handiena duena. Ikasle horietako askok errepikatu egiten dute, giroa oso ona delako.

Gorabehera handiagoak bachatan egoten dira. Azken urteetan oso ezaguna egin da, eta jende askok probatu nahi izaten du, baina batzuek desengainuak izaten dituzte. Hala ere, irakasle gisa, oso pozik nago, ikasle gehienek konpromisoa hartzen dutelako, behintzat ikasturteari dagokionez.

Tangoa eta antzeko dantzak ikasteko, esaterako, urrutiko ikasleak dituzue.

Bai, Andoaingo ikasle bakarra dugu, eta guztira tangoa dantzatzen duten 90 ikasle ditugu. Ikasle asko beste herri batzuetatik dator, espresuki tangoa gure eskolan ikasteko, Joseba eta bion lana gustatzen zaielako. Beste dantza-modalitateetan, berriz, Andoaingo gazte asko ditugu, eta inguruko herrietatik ere asko etortzen dira..

Noiz hasiko zarete eta interesatuak nora joan behar du?

Gazteak irailean hasi dira, eskolarekin batera. Helduekin desberdina izaten da, baina normalean, saiatzen naiz ikasturtearekin batera irailean hasten.Bestalde, aste honetan, ate irekien jardunaldiak antolatuko ditugu, eta egunero doako klase bat eskainiko dugu jendeak eskola, dantza modalitatea eta irakaslea ezagutzeko. Badago dantzarekiko interesa duen jendea baina ez dakite ea zein motatako dantza izango den gehien gustatuko zaiena. Guk probatzeko aukera eman nahi diegu. Interesa duenak gure telefono-zenbakira deitu dezake (658 758 452), edo zuzenean guregana hurbildu eta doako klaseetan probatu.

San Juan jaietan jendetza erakarri zenuten zuen ikuskizunera.

Jendaurrean aurkezteko data garrantzitsuena da, zalantzarik gabe. Jasotzen dugun harrera da nabarmenduko nukeena. Izugarria izan zen, eta ilusio handia egiten digu oraindik.

Zer behar da dantzarekiko pasioari eusteko?

Hamaika arrazoi daude. Dantzarekiko pasioa mantentzeari dagokionez, gakoa haiek eroso sentitzea da, eta guk horretan lagundu behar diegu. Izan ere, dantzatzea ez da erraza, muga batzuk gainditu behar dira: koordinazioa, lotsa, norbere buruarekiko segurtasun eza… Horregatik, garrantzitsua da irakasle batek edukia ondo irakasteaz gain, giro ona sortzea. Horri esker, ikasleak eroso sentitzen dira eta dantzan jarraitzea erabakitzen dute.

Euskaldunok fama dugu ez dugula ondo dantzatzen. Horrela dela iruditzen al zaizu?

Oinarri kultural indartsua dagoela uste dut. Hemengo dantza tradizionalek dantzatzeko modu oso zurrunak dituzte. Aldiz, beste dantza-modalitateetan, dantza latinoetan edo kizomban mugimendua gorputzaren erditik jaiotzen da, eta, oro har, mugitzeko oso modu desberdina dute, eta hori dantza euskaldunetara eramatea oso zaila da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!