Santa Krutz apaiza, Andoainen

Orkaiztegi, Mendizabal, Santa Kruz eta Felipe, Baionako erbestean 

Iñaki Agirre Leizeaga historia ikerlaria da eta Santa Krutz apaizaren figura du aztergai. Andoainekin izan zuen loturaren inguruko azalpenak eman ditu honako testuan: 

 

"Aurten, Santa Krutz apaiza gerrillaria hil zela, Kolonbian misiolari, ehun urte bete dira abuztuaren hamarrean. Santa Krutzek Andoainekin zer ikusi ezohizkoa izan zuen: Azelaingo etxean, Hirugarren Karlistaldiaren erdialdera, Gipuzkoan karlista bandoan izandako traizioak argituko lituzkeen egunkari pertsonala entregatu zuen. “Ohorezko karlista” asko egoera estuan jartzen dituena dirudienez. Bestalde, ez nintzateke harrituko elizgizon ospetsu bat baino gehiago orrialde horietan azaltzea.

Gerra ondoren, maltzurkeriaz, jesuitek eurenganatu zuten egunkari hura; beraiek dute ezkutuan, gordeta, bahituta, behin eta berriz ukatu arren. Egoera paradoxikoa: Santa Krutz apaizarentzat ohorea izan zen jesuita bilakatzea zahartzaroan, baina, era berean, jesuitek kaltetu zuten alhadurarik gabe. Eta, aurten, identitate urriko Elizak, itxurarekin bizi den Elizak berak ere ez ditu aipatuko Santa Krutz apaizaren joan etorriak, Jaungoikoa eta Foruak babestu nahian. Karlos VII.aren defentsa eztabaidagarriagoa da. Jesuitek gutxiago, beretako bihurtu arren, Santa Krutz jesuitentzat arrotza, konkor bat, izan da beti: ez zuten, eta ez dute famatuko.

Bai Santa Krutzek eta bai bere lagun Patrizio Orkaiztegi andoaindarrak nortasun berezia zuten; ez karlismo ofizialaren eta ez eliz-hierarkiaren gustukoa. Ez orduan eta, harrigarriki, ezta gaur ere. Eta ez da utzikeria; izatekotan, eragindakoa; masoi eta liberalez infiltratuta dagoen Elizak eragina".

 

Artikulu honi lotutako argazkiaren inguruko xehetasunak eman ditu Xabier Lasa kazetariak:

Xabier Lasa,  Andoain

Argazkiaren egilea, Ferdinand Bérillon izan zen, paristarra. Juan Egaña argazkilari eta historia ikerlariaren arabera, Baionako Zubi Berriko arkupetan zeukan estudioa eta karlista ugariren erretratuak egin zituen. Laukotea biltzen duen argazki zehatz hori, Juan de Olazabal y Rameriren El cura Santa Cruz guerrillero liburuan argitaratu zen 1928an (256. orrialdean). Ezkerretik eskuinera: Patrizio Orkaiztegi (Sorabillako apaiza), Luciano Mendizabal (Tolosako bikarioa), Santa Krutz apaiza, eta, Francisco Felipe (Amezketako apaiza).

Patrizio Orkaiztegi, Sorabillako apaiza euskaltzalea

Patrizio Orkaiztegi (Andoain, 1840/Tolosa, 1924) da argazkian agertzen den lagunetako bat. Jaio eta hezi zen auzoan, Sorabillan bertan, Altzon, Elgoibarren, Arrasaten eta Tolosan bizitu izan zen, elizgizonei dagozkien eginkizunak beteaz. Bere euskaltzaletasuna hainbat idatzietan isuri zuen; olerkiak eta gainerako idazlanak, batik bat Euskal-Erria, Euskal Esnalea, Euskalzale, Gipuzkoarra eta Ibaizabal aldizkarietan argitaratu zituen. Antzerki lanak eta erlijioarekin lotutako idatziak ere ondu zituen.

Liberalen eta karlisten arteko II. Karlistaldian, karlisten alde jo zuen, eta 1876an Iparraldera ihes egin behar izan zuen, Santa Krutz apaizarekin eta beste hainbat kiderekin batera. Garai hartakoa da argazkia, hortaz.

Bere figura nahiko ahaztuxea dago gaur egun, nahiz eta lan azpimagarriak egin euskara eta euskal gaiak hizpide izanda. Iñaki Agirre haren bizitza eta obraren gaineko ikerketa burutzen ari da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!