"Egoitza berria euskararentzat babeslekua izatea nahi dugu"

Lide Ruiz Telleria

"Egigun denon artean!" izenburupean, euskara elkarteak udazkeneko lehen ekitaldia iragarri du: datorren irailaren 25ean izango da, 18:30ean hasita. Ane Jalon Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakaria da.

Hirugarrenez Zehar kaimuturreko hitzordua iragarri duzue. Finean, euskaltzaleak elkar topatzeko hitzordua da musika eta edaria tarteko. Beharrezkoak direlako, akaso, halako topaketak, bilerak edo antzeko hitzordu serio eta formalagoen aurrean?

Bilkura instituzionalagoek edo, nolabait esatearren, serioagoek beti egon behar dute, eta garrantzitsuak dira. Baina, Bazkunaren kasuan, eta baita beste elkarte batzuen kasuan ere, aisialdiarekin edo modu informalagorekin lotutako ekimenak antolatzeak beste helburu batzuk ditu: saretzea, jendeak gu ezagutzea, herritarrengana beste modu batean hurbiltzea… Hori da azken urteotan Bazkunak duen erronka: herriratzea eta herriarekin egotea. Horregatik, guretzat, kaleko topaketa horiek oso garrantzitsuak dira.

Aurtengoak badu berrikuntza nagusia: Guipuzcoano zaharraren ateak zabalduko dituzue. Irekieraren iragarapena da?

Banco Guipuzcoano zaharraren ateak ez ditugu bere horretan irekiko, modu sinboliko batean helaraziko diogu herriari euskarak baduela arnasgunea. Izan ere, ateak beranduago ireki beharko ditugu; orain arte lan handia egin dugu egoitza gureganatzeko baina oraindik beste lan batzuk egin beharko dira ireki aurretik, obra eta atontze-lanak, batez ere. Hortaz, zerbait erakutsiko dugun arren, irekiera ofiziala beranduago egingo dugu.

Zer nolako garrantzia du elkartearen etorkizunean egoitza berriak?

Guretzat mugarria da. Bazkunak urte asko zeramatzan lokal berri baten bila. Elkartea herriratzeko, funtsezkoa ikusi genuen Andoaingo erdigunean egotea, uste baitugu euskarak merezi duela ikusgarria izango den espazio bat izatea. Azkenean lortu dugu, eta oso pozgarria izan da.

Zer adieraziko duzue bertan? Zerbait aurreratzerik bai?

Bazkideak eta andoaindarrak bildu nahi ditugu. Orain arte gure ibilbidea zein izan den azalduko dugu, eta hemendik aurrera zer antolatu nahi dugun modu orokorrean eta udazkenean zein ekimen izango ditugun ere. Batez ere, modu sinboliko bat izango da jendeari lortu dugunaren berri emateko, euskarak baduela toki polit bat Andoainen. Hain zuzen ere, egun horretan sinbolismoarekin jokatu nahi dugu, eta euskarak babesten gaituen bezala, guk ere euskara babestu nahi dugu eta horregatik, aterkiekin jolastu nahi dugu. Festa Zehar kaimuturrean izango da, baina ekimena Guipuzcoanon hasiko da eta bi puntuak aterkiekin lotu nahi ditugu, aterkiek babesa ematen digutelako, euskarak babesten gaituen bezala, eta guk ere euskara babestu behar dugulako. Joko horren bidez, kalejira egingo dugu bi puntuak lotzeko.

Errealitatea da, beraz, egoitza berria. Atzera begira jarrita, asko kosta al da honaino iristea?

Argi genuen Bazkuna herriratzeko beharra zegoela eta lokala behar genuela. Baina era berean, erraza da esatea lokal berria nahi dugula, baina, zertarako nahi dugu? Zer nahi dugu? Iritzi asko bildu ditugu urteetan zehar. Urte batzuk eman ditugu Andoainen lokalak ikusten, negoziatzen… Hor beti daude alderdi ekonomikoa, soziala, kokapena… Egia esan, kostatu zaigu, baina gogoa eta ilusioa ez ditugu inoiz galdu. Bilera eta batzar asko izan ditugu tartean, baina guk beti izan dugu buruan orain lortu dugun hori, Kale Berria 50eko lokala.

Bazkunak udazkenean ekimen ugari egin ohi ditu. Hitzordu berriak datoz atzeik, bereziki, azoka.

Ikasturtearekin batera hasi zen udazkeneko agenda guretzat, irailaren 12an Andoaingo Guduari buruzko ibilbide gidatua eskaini baikenuen. Hurrengo hitzorduak ere buru-belarri prestatzen ari gara. Irailaren 17an, bazkideei harrera egingo diegu egoitza berrian. Irailaren 25ean, kaimuturreko ekimena egingo dugu, Gau Beltza ere izango dugu, eta, azkenik, azoka. Bestalde, iaz antolatutako gabonetako azoka ere egoitza berrian antolatzeko asmoa dugu. Denak dira garrantzitsuak. Oraintxe bertan, Gau Beltzan eta azaroko azokan murgilduta gaude, eta espero dugu aurreko urteetan izan duen harrera bera izatea.

Elkartea tokiz aldatu eta bidean bazkide berriak egiten ari zarete. Hori ere, beharrezkoa izateaz gain, pozgarria da.

Azken urteetan bazkide berri dezente batu zaizkigu. Izugarrizko ilusioa egiten digu, alde batetik, tenperatura hartzeko modu bat delako, horren bidez ikusten baita Andoaingo jendeak gure proiektuarekin bat egiten duen edo gure kezka horiekin bat datorren, eta momentuz badirudi baietz. Elkarte bat gara eta oso garrantzitsua da bazkideak izatea, orain arte izan ditugunak zein ondoren etorriko direnak ere elkarteak aurrera egin dezan. Denak dira ongietorriak, orain batu direnek poz handia eman digute.

Egoitzak etorkizunean izango duen dinamika aurreratzerik baduzu, ala goizegi da?

Orain arte izan dugun arazoa izan da lehen genuen egoitzak ez zigula uzten bertan zerbait antolatzen. Beti kalean edo Basteron ibili behar izan dugu, eta horrek zaildu digu buruan ditugun ekimenak aurrera eramatea, liburu-aurkezpen bat, musika-saio bat, antzerki obra bat edo umeentzako ipuin-kontalari bat… Orain, gure egoitzan egiteko aukera dugu. Horrek ilusio eta indar handia ematen digu. Kalean ere jarraituko dugu, noski, baina ondo dago guk gure tokia izatea.

Herritarrei zabalik izango da, hori ziur.

Bai, gure asmoa da andoaindarrei zuzendutako egoitza izatea, eta bereziki zabalik egotea;  hau da, ez dugu nahi lokala itxita egotea eta noizbehinka bakarrik irekitzea. Ikusi behar dugu zer proiektu egingo ditugun, baina guk lokal bizi bat izatea nahi dugu, eta Andoaindarrentzat irekia egotea. Era berean, egoitza berria euskararentzat babeslekua izatea nahi dugu.

Datorrenagatik, beraz, topa egin beharko da irailaren 25ean, ezta?

Bai, noski. Oso pozik gaude, une oso berezia izango da herritarrei azaltzeko orain arte haiei esker lortu dugula orain daukaguna. Haien ekarpenak, parte-hartzea eta auzolana eskertu nahi diegu, eta aitortza hori egingo diegu. Ospatu egingo dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!