Irailaren 7an Aire Garbiaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta egun seinalatu hori probestu zuten Ekologistak Martxan taldekoek salaketa egiteko: uda hasieratik eta abuztura arte, erregistratutako datuetan, ozono troposferikoaren informazio-atariaren muga EAEn 11 aldiz gainditu da.
Ozono troposferikoak eragindako kutsadura handiko gertaera horien artean aurkitzen da Andoaingo herria. Kaltetutako guneetako “esposizioak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak eraginpean egon direla, eta biztanleriak ez duela abisurik jaso edo ez diotela jakinarazi” salatu dute.
“Esposizioak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak eraginpean egon direla, eta biztanleriak ez duela abisurik jaso edo ez diotela jakinarazi”
Ekologistak Martxan
Ozono troposferikoaren sorrera bultzatzen duten baldintzak berotze globalarekin eta horren ondoriozko klima-aldaketarekin indarra hartzen ari direla adierazi dute. 2025. urtean informazio-atalasearen muga behin bakarrik gainditu baitzen eta, aurtengo udan, berriz, hamaika bider.
Kutsaduraren mugak
180 µg/m³ -ko kontzentrazio-muga ezarrita dauka Eusko Jaurlaritzak ozono troposferikoari buruzko informazio-atalase gisa. Balio hori ordu beteko batezbestekoan gainditzen denean, administrazioak herritarrak informatzera behartzen ditu prebentzio-neurriak har ditzaten, eta talde ekologistak gogorarazi du bete behar hori uda honetan ez dutela bete.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) muga baxuagoa gomendatzen du epe luzerako babeserako (100 µg/m³, 8 orduko batezbestekoan); izan ere, kopuru hori gaindituz gero, osasunean zein landaretzan kalteak eragiten hasten da.
Kalteak arnasbideetan zein ingurumenean
Ozono troposferikoa eta estratosferikoa molekula bera diren arren (O₃),
kokapenaren arabera ondorio erabat desberdinak eragiten dituzte.
- Estratosferikoa (10-50 km-ko altueran) ozono onuragarria da, eguzkiaren erradiazio ultramoretik babesten gaituen geruza bat delako.
- Troposferikoa, aldiz, arnasten dugun aire-geruzan dago, eta giza isuriek eguzki-argiarekin batera sortutako kutsatzaile toxiko eta narritagarria da, osasunari eta landarediari kalteak eragiten dizkiona.
Ozono troposferikoa ez da zuzenean hodietatik isurtzen; autoek eta industriak botatako nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki-erradiazioarekin eta tenperatura altuekin erreakzionatzean sortzen da. Horregatik, arazo honek gora egiten du udan eta bero-boladetan.
Ozono troposferikoaren informazio-atalasearen muga
- 2025: Behin gainditu zen EAEn.
- 2026: 11 aldiz gainditu da EAEn.