Andoaingo Udalak ‘Euskara Familian’ programa abiatu du, gurasoen artean euskararen erabilera sustatzeko

Andoaingo Udaleko Euskara Sailak, herriko lau ikastetxeekin lankidetzan, Euskara Familian ekimena jarri du martxan laugarren ikasturtez jarraian. 

Programaren helburu nagusia familiaren, eskolaren eta herriaren ahaleginak uztartzea da, haurren euskalduntze prozesuan gurasoen bidelaguntza indartzeko. Horretarako, hiru lan-ildo nagusi eskainiko dira, guztiak doakoak eta guraso bakoitzaren hizkuntza-mailara egokituak.

Hiru aukera, guraso bakoitzaren beharren arabera

Egitasmoak profil ezberdinei erantzuteko hiru jarduera mota biltzen ditu:

  • Euskara eskolak (euskara ez dakitenentzat): Haurrak ikastetxean dauden bitartean eskainiko dira A0, A1 eta A2 mailako hasierako eskolak, astean bi egunetan. Talde nahikoak osatuz gero, eskolak ikastetxeetan bertan emango dira komunikazio-gaitasuna erdigunean jarrita.
  • Mintzalaguna (ikasten ari direnentzat edo hobetu nahi dutenentzat): Euskaraz hitz egiteko ohitura duten eta ez duten gurasoak elkartzea du helburu. Bi edo hiru gurasoko talde txikietan biltzeko aukera ematen du, umeak eskolan utzi berritan kafetxo bat hartuz edo arratsaldean patioan, gurasoek euren artean adostutako leku, ordu eta maiztasunarekin.
  • Familia lantegiak (euskara dakitenentzat): HH2tik LH6ra bitarteko haurrei eta euskaldunak diren guraso zein zaintzaileei zuzendutako aisialdi eskaintza da. Ikasturtean zehar jolasak eta tailerrak egingo dira adin-taldeka banatuta, euskaraz tarte atsegina igaro eta hizkuntza-ohiturak sendotzeko.
Izen-ematea zabalik

Ekimena iraila eta urria bitartean aurkeztuko zaie familiei ikastetxeetako bileren bidez. Parte hartu nahi dutenek urriaren 20a hiru bide dituzte izena emateko: ikastetxeetan bertan, Udaleko Euskara Zerbitzuan edo online, andoaindarraeuskaraz webgunean topatuko duten formularioaren bidez. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!