Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren babespean. Lanak Historiaurretik gaur egunera arte gizakiak ingurumenarekin izan duen dependentzia, elkarrekintza eta eboluzioa aztertzen ditu. Leitzaran Bisitarien Etxeko Otita aisialdi gunean egongo da ikusgai.
Material zientifiko eta etnografiko ugari
Erakusketaren diskurtsoa indartzeko, bisitariak material zientifiko eta etnografiko baliotsuak topatuko ditu bitrinetan. Pieza nabarmenen artean daude Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, historiaurreko aizkora bat, hainbat mikroskopio eta Aranzadi Zientzia Elkartearen bildumako bestelako pieza etnografikoak.
Ekimendun erakundeen helburua ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea da, Gipuzkoako natura- zein kultura-ondarearen aberastasuna ezagutarazteaz gain, zientzia garapen sozialaren funtsezko zutabe gisa aldarrikatuz.
Leitzaranen bertatik bertara sentsibilizatzeko aukera
Bailararen ingurune zehatzak erakusketaren mezuari berebiziko testuingurua eskaintzen dio. Andoaingo Udalaren eskutik, Leitzaranen oinez, bizikletaz edo ferrata bidean egiten diren bisita gidatuetan, bisitariek bertako baliabideen erabilera historikoa eta gaur egungo aisialdiaren zein kontserbazioaren arteko oreka bertatik bertara ezagut ditzakete.
Antolatzaileen esanetan, ingurunea ezagutzea da ingurumena zaintzeko konpromisoa hartzeko lehen urratsa, eta Leitzaran bera da gizakiaren eta naturaren arteko historia partekatu hori oraindik ere bizirik dagoela erakusten duen adibide nagusietako bat.