Andoaingo Udalak adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eta belaunaldiartekotasuna sustatzeko jarduerak aurkeztu ditu

Iraia Sanchez Arregi

Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eta belaunaldi ezberdinen arteko harreman-sareak indartzeko konpromisoan beste urrats bat egin du Andoaingo Udalak Bertxin elkartearekin, Osakidetzarekin eta Leitzaran Institutuarekin elkarlanean.

Andoaingo Udalak Bertxin jubilatuen elkartearekin, Osakidetzarekin eta Leitzaran Institutuarekin elkarlanean, adinekoen ongizate emozionala zein fisikoa hobetzeko ekimen sorta zabala jarriko da martxan datozen egunetan. Prentsaurrekoan aurkeztu dituzte ikasturte honetarako berrikuntza nagusiak, eta Udalak erakunde arteko elkarlanaren zein komunitatea ehuntzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

'Kafe Solasaldia' eta 'Telefono Laguna', berrikuntza nagusiak

Aurten lehen aldiz abiatuko diren bi proiektu nagusiek Leitzaran Institutuko Mendekotasun Zikloko ikasleen eta irakasleen zuzeneko parte-hartzea izango dute, irailaren 28tik aurrera:

  • Kafe Solasaldia: Astelehenero bilduko dira Jubilatuen etxeko tabernan, 11:30etik 12:30era. Bakardadean denbora asko igarotzen duten, desgaitasuna duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago, giro atseginean kafe bat hartuz harreman berriak sortzeko. Honen helburuen artean, “elkarri entzun, gaixotasunaren munduaz ikasi eta gaixotasuna bera humanizatzea” dute.
  • Telefono Laguna: Institutuko ikasleek telefonoz deituko diete parte-hartzaileei astelehen eta ostiraletan 9:55etik 10:50era. Dei labur hauen bidez, eguneroko bizipenak partekatu eta adin ezberdinen arteko babes-sarea sendotu nahi dute.

Haizea Barandiaran Andoaingo Udaleko zinegotziak argi utzi du Udalaren helburua aurkezpenean: “bakardade nahi gabeak osasunean eta ongizate emozionalean eragin zuzena du. Horregatik, komunitatea ehuntzen lagunduko duten espazioak sustatzea ezinbestekoa da”.

Elkarri eman eta jasotzeko egitasmoak

Adinekoentzako aukera bikaina izateaz gain, proiektuak balio erantsi handia dakar parte hartzen duten gainerako eragileentzat ere. Leitzaran Institutuko Arretako zikloko arduradunek adierazi dutenez, mota honetako ekimenak "etorkizuneko lan mundura gerturatzen gaituzten esperientzia errealak dira, ikasleei ikaskuntza esanguratsua eskaintzen dietenak".

Bestalde, Bertxin elkarteko ordezkariek eskerrak eman dizkiote Udalari parte hartzeko aukeragatik, eta beren prestutasuna berretsi dute "Andoain hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta solidarioagoa eraikitzen lagunduko duen guztian elkarlanean aritzeko".

Ikastaro osagarriak: bizi-kalitatea eta harremanak hobetzeko aukerak

Aipatutako bi ikastaro berri horiez gain, jada martxan dauden hiru ikastaroren arrakasta eta beharrezkotasuna nabarmendu dituzte. Horien bidez, adinekoen autonomia, osasun fisikoa eta oreka emozionala indartzera bideratutako hainbat lantegi eskaini dituzte ikasturtean zehar. Bi helburu nagusi dituzte saio horiek: alde batetik, parte-hartzaileen bizi-kalitatea orokorrean hobetzea, eta, bestetik, herritarren arteko harreman-sareak eta elkar lankidetza sustatzea. Horretarako, hiru lan-ildo nagusi landuko dira: joskintza ikastaroa, sormena eta eskulanak sustatzeko; mugimendua eta osasuna, arintasun fisikoa eta mantentze-lanak egiteko; eta ongizate emozionala lantzeko jarduerak, norberaren zaintzari eta kudeaketa emozionalari lekua egiteko.

Joskintza ikastaroan adineko emakume jostunak ikastetxera joaten dira ostegunetan 11:20etatik 12:15era, eta bertako ikasleei josten erakusten die. Beste bi ikastaroetan, berriz, leku-aldaketa iragarri dute. Orain arte Arraten egiten ziren jarduera horiek gazte lokalera leku-aldatu dituzte. Ostegunetan 10:15etatik 11:15era egiten dituzte txandaka, ostegun batean mugikortasuna landuz eta hurrengoan ongizate emozionala. Ikastetxeko ordezkariek ekintza horiek guztiek zahartze aktiboan eta prebentzioan laguntzen dutela nabarmendu dute, eta, beraz, andoaindarrak jarduera horietan parte hartzera animatu dituzte.

Eskaintza honekin batera, herrian jada arrakasta handia duen Ibili Andoain ibilaldi osasungarrien egitasmoari berriro helduko zaio; ikasturte berriko lehen saioa irailaren 23an egingo da.

Izen-ematea eta informazio praktikoa:

  • Kafe Solasaldia eta Telefono Laguna: Izen-ematea zabalik dago herrerodebora@leizaran.net helbide elektronikoan edo 943 89 92 59 telefono zenbakian.
  • Gainerako ikastaroak: Informazioa eta izen-ematea Bertxin edo Santa Krutz jubilatuen elkarteetan bideratuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!