Erregulartasunaren saria da, hein batean, gaurkoan lortu duena. Izan ere, ia denboraldi osoan, Red Bull MotoGP™ Rookies Cup 2026 txapelketako lehen postuan sailkatuta egon da. Bujosa espainiarra eta Ogiwara japoniarra izan dira bere aurkari nagusiak baina, azkenerako, txapelketa Andoaingo semeak irabazi du.
Poz galanta ekarri du Andoainera, bereziki, Bastero Kulturguneko auditoriora. Izan ere, dozenaka lagunek ikusi dute lasterketa bertan. Emozio handikoa izan da, azken bihurguneraino Bujosaren gurpila zaindu behar izan duelako. Hura atzean uztea zen lehentasuna, eta lortu du. Baina ez da hain erraza izan, Fernandez 4. eta Bujosa 5. sailkatu baitira.
Beñat Fernandez Pelontxu-k (Andoain, 2007) bart egin zituen adierazpenak irudi eskubideak kudeatzen dituen telebista katean. Ingelesez egindako adierazpenak laburbilduta, zailtasuna eta poza azpimarratu zituen: "Zaila izango da baina, era berean, pozik nago azken lasterketeraino mudnuko txapelketa irabazteko aukerekin iritsi naizelako". Azkenean, eta ia denboraldi osoan bezala, tropelkide guztiak garaitu ditu. Euskal kirolarentzat eta, bereziki, motozaleentzat, gogoan hartzeko mugarria da. Nazioartean onenen pare ari den seinale da.
