Igande goizero Leizaur parke ondoan daukate jarrita hitzordua bizikleta txangoa egiteko, Leizaur elkarteko zikloturistek. Bizikleta gainean, gogor eragiten diete pedalei, eta tarteka, xextra sanoak ere edukitzen dituzte nor lehengo iritsi mendate bat aurrean jarri orduko. Irteera horietan, honetaz eta hartaz mintzatzeko ere hartzen dute denbora. Goiz haietako batean bota zien ideia Iker Garciak besteei: Andazarrate, Ezkurrako gaina, Azpirotz, Aralar, Jaizkibel eta inguruko gainerako portuak albo batera utzi, eta ea zergatik ez Giroko gailur famatuei heldu? Manolo Amiama, Angel Pelaez, Iosu Escribano, Victor Saiz eta Xabi Ormaetxeak eutsi zioten erronkari. Egitasmoa gauzatzen joan ahala, Zaldibiako bi gazte, Jon Saez eta Aitor Garmendia, batu zitzaizkien.
Taldeko gehienek tankerako espedizio batekin hartuta zeukaten eskarmentua lehendik ere. Izan ere, 2019ko ekainean Alpeetara abiatu ziren, eta hango portu mitikoak (Galibier, Alpe d´Huez, Col du Glandon, Lacets, Montvernier...) igo zituzten orduan, inongo ezustekorik jasan gabe. Pozez txoratzen itzuli ziren Andoainera.
Biribila irten zitzaien orduan, eta zazpi urteren ostean egin duten bigarren irteera luzearekin ere ez daukate kexatzeko askorik, nahiz eta bizikleta gainean jarri bezperan, istripuren bat eduki.
Heltzeko zorian, ezustekoa
Iker Garciak diseinatu izan ditu bi abenturen nondik norakoak eta prestatu logistika guztia egunez egunekoa, zein mendate eta noiz igo, gauak lo non egin, zortzikotearen Italiako joan-etorria egiteko furgoneta lortu... Egun, badira zenbait enpresa edo agentzia den-dena antolatzen dituztenak: joan-etorriko bidaia, ostatua, otorduak, irteera eta helmuga diferenteko etapak, furgoneta bide-lagun...
Gero eta zabalduagoak daude txirrindularien unibertsoan halako zerbitzuak. Baina eskola zaharreko estiloari eutsi zion Leizaurko taldeak, jakitun izanik bidaia abentura gisa planteatzeak, berarekin dakarrela arriskua... Alde horretatik, dena bikain irten zitzaiela aitortu arren, izan zuten eskapada txikiren bat azpimarragarria. Garciak berak kontatu digu erabat lotuta zeukan “gidoitik” ihes egin zion detailea.
“Dena primeran irten zitzaigun, zoragarri! Aurrez prestatuko ibilaldi guztiak egin genituen. Nolanahi ere, aipatu beharra daukagu istripu bat hasiera-hasieran, kasik zapuztu zizkiguna gure ilusio guztiak. Horrela, etxetik abiatu eta helmugara iritsi baino 20 kilometro lehenago, pott egin zigun furgonetak. Hura buruhaustea! Seguruarekin eta garabiarekin telefono deiak, 60 kilometrora zegoen tailer mekanikoarekin kontaktua egin, zortzi lagunak hotelera eramango gintuen taxia lotu... Iluntze aldera, bide bazterrean hantxe, etsi-etsi eginda igaro genituen ordu batzuk, taxia heldu zitzaigun arte. Espedizioak hasiera-hasieratik porrot egin zuen ustea eduki genuen denbora guztian. Zorionez, hurrengo goizean tailerretik hots egin ziguten, matxura ez zela larria eta laster konpondu zezaketela esanez”.
Dena esatera, ustekabe hartan, italiarrak zerbait ezagutzeko aukera eduki zuten, eta horrek eman zien zertan mintzatua, baita pilatutako barne-tentsioa pittin bat hustu ahal izatea ere. Italiako gizartearen erretratu satiriko, kritiko edo dibertigarria egite dituzten komedia italiar klasiko horietako baten protagonista sentitu ziren une batez. Hasteko, Carabinieri-en bisita izan zuten, Amiamak gogoratu duenez. “Autobiaren ia erdian geundela, gerturatu egin zitzaizkigun; trafikoa zuzentzera zihoazela pentsatu genuen, baina keba: zer gertatu zitzaigun galdetu, eta alde egin zuten berehala! Handik denbora batera, taxi-gidari bat heldu zitzaigun, xelebrea benetan, inauterietatik edo parranda batetik zetorrela zirudien! Itxurak itxura, jatorra askoa gertatu gizona! Geure maleta eta motxila guztiak autoan sartu, eta zortzi lagunak zintzo eraman gintuen hotelera. Hori bai, bidean, etenik gabekoa izan zen bere hitz-jarioa!”.
Dolomitetan, zoragarri
Behin matxura konponduta, hurrengo egunean, Dolomitak mendi-katea zeharkatzea egokitu zitzaien. Ekinaldi gogorrari esker, aurrez pentsatutako hiru portuak (Pordoi, Fedaia eta Falzarego) hartu zituzten mendean; “Txango latza izan arren, eman zigun denbora Dolomitetako orratz itxurako gailur malkartsuak eta ikusteko, pasaia guztiaz gozatzeko. Ez dute zerikusirik Alpeetako edo Pirinioetako gailurrekin!”, Pelaezek adierazi duenez.
Handik bi egunera, espedizioko bigarren erronkari heldu zioten: Stelvioko Pasuko gailurra. Alpeetako bigarren mendaterik altuena da (Col de I¥Iseranen atzetik), eta 25,4 kilometroetan %7,5eko maldako aldapatzarra gainditu behar da goraino iristeko. Balentria galanta hartu zuen zortzikoteak, kontuan hartuta, aurrez, 18,43 kilometroko luzera eta %7ko malda daukan Passo Umbrail gailurretik igarotakoak zirela.
Zortziak airoso samar iritsi ziren goiko puntara, batzuk lehenago, beranduxeago besteak. Zortzikotearen zoramena neurrigabekoa izan zela kontatu dute Amiamak, Alvarezek eta Garciak. “Pentsa nola geunden, errepideko ziklista zaletuentzat amets handi horietako bat izaten dena bete ondoren!”. Dena esatera, Amiamak zehaztu nahi izan du igoerarekin gozatu zutela gehiago, jaitsierarekin baino. “Egundoko trafikoa izaten da Stelvioko errepidean, ederki jabetu ginenez; ziklistek ez ezik, turistek nahi izaten dute igo hara autoz, motoz edo busez, eta eromena da han sortzen den zalaparta! Gainera, inpresioa hartu genuen auto-gidari aldrebes samarrak direla italiarrak; kontuz-kontuz jaitsi behar izan genituen 25 kilometroak”.
Bizikidetza, ezin sanoagoa
Urtetan elkarren artean alde handia daukaten hiru belaunaldi elkartu ziren Italiako espedizio horretan. Alde horretatik, aurrez erreparo pittin bat eduki zutela aitortu du Garciak, are gehiago bera arduratu baitzen bidaia antolatzeaz. “Kezka bageneukan zer nolako bizi-giroa sortuko ote zen guztion artean, 24 ordu elkarrekin ibili behar horrekin. Izan ere, talde bat antzeko kirol espedizioetarako biltzen denean, ez baita erraza izaten uztartzea bakoitzaren nortasuna, interesak, maniak, kirol-gaitasunak... Bestalde, Leizaurreko ziklistokin ibili gabekoak ziren Aitor eta Jon gazteak... Bada, a ze poza, izugarria izan zen zein natural moldatu ginen elkarrekin! Gogoan daukat Xabi Ormaetxeak itzuleran egin zigun komentarioa, alegia Dolomitak ezagutzeko irrikatan joan zela, baina lagun-giroa izan zela topatu zuen gauzarik gozagarriena”.
Ormaetxea taldekidea aipatzen hasita, hiruek ere ez dute ahaztu hark Italian hartu zuen ardura, sukaldean. “Eskerrak eman behar dizkiogu Xabierri, primeran elikatu baikinen egunero. Oso txukun aritu zen, bezperan dena prest uzten zuen hurrengo egunerako. Hari esker, ederki asko berreskuratu genuen egunez egindako ahalegin fisikoaren eraginez galdutako guztia”.
Eskerren atalean, nola ez, nork bere familia gogoan hartu behar, aste betez beren “kapritxoa” bete zezaten sakrifikatu behar izan dutelako etxean.
Amiama eta Pelaez, bi beterano erregaitz
Manolo Amiamaren eta Angel Pelaezen parte-hartzea ere azpimarragarria izan da Italiako gailurretara egindako txango horretatik. Orain ia mende erdi Andoaingo Leizaur zikloturisten elkartearen sorreran parte hartu zuten, eta sasoi ederrean jarraitzen dute oraindik ere, 80 urtetik gora doazelarik. Etenik gabe ibili izan dira bizikletan gazte-gaztetatik, eta oraingoz ez daukate batere asmorik errepideetatik erretiratzeko.
Gogoak bestelakoa adierazi arren, bizikleta elektrikoari heldu beste erremediorik ez dutela eduki azken aldian, aitortu dute biek: “Urritzen ari zaigu garai bateko sasoia noski, eta elektrikoarekin hasi gara. Errepidean pedalkadak ilusioz ematen jarraitzeko aukera ematen digu. Gainera, taldean zoazenean ez da batere atsegina egiten zuregatik inor zain geratu behar izatea”. Tramankulu berri hori menperatzeko ederki asko etorri zaie biei Italiako itzulia, Amiamak gaineratu duenez. “Italiako mendi-portuek egundoko distantzia daukatenez, ez zaigu erraza egin dosifikatzea bizikletaren bateriaren emana. Bateria erdibidean kontsumituta gera zitekeela, eta hala gertatzekotan, kilo askoko bizikletarekin ez aurrera ez atzera gera gintezkeela pentsatzeak, zuhur jokatzera eraman gaitu. Ondo atera zaigu erronka, eta ikasi dugu neurria hartzen bizikleta horri”.
2019an Tourreko eta aurten Giroko gailurrik ospetsuenak bizikleta gainean gainditu ostean, hemendik aurrera zer geratzen ote zaien egiteko galdetuz gero, laster asko erantzun dute. “Leizaurreko kideekin igandero jarraituko dugu, eta zergatik ez, egunetan laburragoak izan daitezkeen txangoak egiteko pronto gaude biok. Urrutira gabe, Pirinioetan ere badira mendate galantak, gozagarriak bizikleta zaleontzat, nahiz ez eduki ospe handiegirik”. Hori esanda, Iker Garciari begira jarri dira biak; akaso hark dagoeneko badauka txango berriren bat burutan, taldea tentatzeko...

