Programaren helburu nagusiak nahi gabeko bakardadeari aurre egitea, bizitza osasuntsua sustatzea eta herritarren arteko topaketak nahiz harreman sozialak erraztea dira, jarduera fisikoa eta konpainia uztartuz.
Belaunaldiarteko loturak indartuz
Aurtengo ikasturteak berrikuntza nagusi bat dakar parte-hartzearen aldetik. Aurreko urtean Leitzaran Institutuko Arreta zikloko ikasleen laguntza izan bazuten, oraingoan herriko hiru ikastetxeek hartuko dute parte egitasmoan. Lankidetza zabal horri esker, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatu eta komunitate-sarea sendotu nahi dute.
Hitzordua astero mantenduko da: asteazkenero, 10:30ean, elkartuko dira Goikoplazan herrian zehar ibilaldia egiteko. Gainera, saioa borobiltzeko, taldeko hamaiketakoa egingo dute elkarrekin ibilbidea amaitutakoan.
Antolatzaileek dei egin diete adin guztietako herritarrei ekimenean parte hartu eta taldearekin bat egitera.