Lan baldintzak hobetzearen aldeko elkarretaratzea egin dute udal langileek

Lan baldintzekin lotutako Udalhitz mahaia orain bi urte aktibatu bazen ere, oinarrizko aldarrikapenek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute Goikoplazan bildu diren langileek. Andoainen ez ezik, EAEko beste hainbat herrietan ere udal langileak mobilizatu dira gaur, ELA eta LAB sindikatuek deituta.

Goikoplazan bildu diren langileek adierazi dute EAEko udaletan urte asko daramatela lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe, eta Udalhitz mahaia duela ia bi urte aktibatu bazen ere “negoziazio mahaia egin ondoren, oraindik oinarrizko aldarrikapenak mahai gainean falta” direla. “Eudel eta berau osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE alderdiek borondate falta itzela erakusten ari dira eta negoziazioa blokeatzear dago”.

Bestalde, gaineratu dute udalez udal dauden negoziazio esparruak orokorrean ez daudela aktibo. “Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen doaz urtez urte eta sektoreak hamarkada bat baino gehiago darama lan baldintzen okerkuntza bat pairatzen”.

ELAk eta LABe sindikatuek gogorarazi dutenez, dinamika mobilizatzaile amankomun bat abiarazi zuten apiriletik aurrera. “Uda baino lehen paro, grebak eta mobilizazioak egin ziren eta nahiz eta aurrera pausu batzuk egon Udalhitzeko mahaian, aldarrikapen asko falta dira: eros ahalmenaren berreskurapena nola emango den, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, gazteberritzeko neurria edota subrogazio eskubidea esaterako”.

Gaur herriz herri egindako mobilizazioekin udal langileek argi utzi dute haien lan baldintzen alde borrokatzeko prest daudela, bi sindikatuen ustetan, “beraz, pilota Eudel eta alderdi politikoen teilatuan dago. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko, bihar dagoen mahai negoziatzailean horretarako aukera daukate”.

Azkenik, “mahai negoziatzailean alderdi politikoak ez badira mugitzen eta mahai negoziatzailera ez badituzte falta diren eduki horiek eramaten” egun osoko greba deitu dute urriaren 8rako bi sindikatuek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!