"Andoaingo Euskera, Bihotzetik kalera" ekinaldia egin dute Kaimuturrean

Euskararen aurkako oldarralditik babesteko aterkia hartu zuten sinbolotzat. atzo. Zehar Kaimuturrean euskaltzaleek egin zuten ekitaldian, Larramendi Bazkunak antolatuta. Xede horretan egoitza berria lagungarri izango dela azpimarratu zuten. Aidürü Andoaingo musika taldeak girotu zuen ekitaldia. Argazki-sorta, hemen.

Ane Jalon Larramendi Bazkuneko lehendakariak eman zion hasiera ekitaldiari, elkarteak bere egin duen Kale Berriko 50.ean, Guipuzcoano zaharreko egoitza berrian.

Atzoko ekitaldiaren lehenbiziko deialdia egoitza berrian egin izanaren zergatia azaldu zuen bere hitzartzean, Jalonek. “Euskara kalera atera nahi dugula argi dago; baita Andoainen behar eta merezi duen leku duin bat eskaini nahi diogula ere. Urratsez urrats, mugarri batera iritsi gara: hemen atzean dagoen lokala euskarak irabazi du eta andoaindar guztiona izango da”.

Egoitzaren egitasmon nola edo hala parte hartu duten euskaltzale guztiak hartu zituen gogoan segidan. “Andoaingo euskararentzat herriarentzat eta arnasgunea izango da Guipuzcoano zena. Lan handia dago egiteko baina ezer baino lehen, orain arteko bidean lagun izan zaretenok ekarri nahi zaituztet gogora: ekimenetan parte hartu duzuenok, bazkide berriak, diru-ekarpena egin duzuenok, ideiak proposatu dituzuenok eta oro har, proiektu honetan sinetsi eta babesa erakutsi duzuenok. Eskerrik asko Manuel Larramendi Kultur Bazkuna osatzen dugun guztion izenean”.

Aterkia, euskararen aurkako oldarriari aurre egiteko

Euskara azken aldian jasaten ari den kontrako oldarraldia hartu zuen aipagai Jalonek, eta aterkiaren sinbolismoarekin lotu zuen. ”Zoritxarrez, gero eta ozenago ari gara entzuten euskararen aurkako mehatxu eta oldarraldiak. Elkar babestea ezinbestekoa izango da beste behin. Euskararen kontrako ekaitzez babesteko aterpe izango dira gure aterkiak, baina baita kai-muturrera festa giroan joateko ere”.

Euskara babesteko aterkiak irekitzeko gonbitea zabaldu zien Jalonek bertaratutakoei, “ireki ditzagun aterkiak, babestu dezagun euskara eta eman diezaiogun beste behin lekua, hauspoa eta irribarrerik handiena Andoaingo euskarari”.

Hitz horiek entzunda, aterkiak eskuetan hartu, eta Zehar Kaimuturrera abiatu ziren Kale Berriko egoitza aurrean bildutako herritarrak.

Zehar Kaimuturrean, Nago Huizi Larramendi Bazkuneko kideak hartu zuen hitza. Egoitza berriarekin elkarteak zer eragin nahi duen adieraziz ekin zion hitzartzeari, “Euskara erdigunean jartzea eta herriratzea, euskaraz bizi eta gozatzeko aukerak areagotzea, eta Andoaingo euskalgintza indartzea dira gure bidean mantentzen ditugun helburuak. Egoitza berriak horretarako tresna eta babesgune bat eskaini ahal izango digu”.

Udazkena, ekimenez beterik

“Egoitza berri bat edukitzeaz gain, euskarazko jarduera bizia eta etengabea eskaintzea herritarrei, eta euskara kalean presente izan dadin” saiatuko dela Larramendi Bazkuna etorkizunean ere, ziurtatu zuen Huizik. Horretarako, udazkenean barrena antolatuko dituen ekitaldiak aipatu zituen. Urriaren 31n, bosgarren urtez ospatuko den Gau Beltza gogoratu zuen lehenbiziko eta behin. Goikoplazan hasi eta kaleetan barrena Etxeberrieta plazan emango zaio bukaera festari.

Azaroaren 14an, udazkeneko azoka hartu zuen hizpide, “Goikoplaza beteko dugu udazkeneko azokarekin, herritarrak elkartzeko, kalea bizitzeko eta euskaraz gozatzeko egun berezi batekin”.

Urtea amaitzeko, Gabonetako azoka egingo dela esan zuen, “aurten ere gure egoitza berriaren ateak herritarrei zabaltzeko asmoz”.

Ilusioz eta indarrez

“Azken urte hauetan ikusi dugu Andoainen badagoela euskararen aldeko gogoa, ilusioa eta konpromisoa. Ikusi dugu herritarrok prest gaudela parte hartzeko eta zerbait berria sortzeko. Orain, beraz, ilusioz eta indarrez begiratzen diogu etorkizunari”, esan zuen Huizik. Ilusio eta indar horiek bidelagun izango dutela egoitza berria, gaineratu zuen. “Egoitza berria aldaketarako abiapuntu bat izango da. Andoaingo euskera bihotzetik kalera eramaten jarraitzeko abiapuntua. Haurrak, gazteak eta helduak euskaraz bizi ahal izateko; euskaraz elkartu, sortu eta gozatzeko; eta Andoainen euskarak merezi duen lekua izateko abiapuntua”.

Aidürü Andoaingo musika taldeak girotu zuen ekitaldia, hainbat euskal doinu ezagunekin osatutako emanaldi goxoaren eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!