Espazioak, objektuak... elementu soilak gailentzen dira Agorretaren margolanetan. Zimelduz doan garaia da, eta baita memoriaz hausnarketa egiteko gonbita ere. "Gustatuko litzaidake ikuslegoa nire koadroekin identifikatzea, eta bertan agertzen dena bakoitzaren bizipenetara moldatzea”. Agorretaren hitzak dira horiek (https://www.instagram.com/joseignacioagorreta/).
Urriaren 1ean zabalduko dute erakusketa Bastero Kulturgunean. Nafarroan ezaguna eta estimatua da haren ibilbidea eta, Euskal Herrian, uste baino gehiago zabaldu da haren obra. Zuzenean, "Sastraka" egitasmoari esker, eta, zeharka, hainbat artistekin lan egitearen ondorioz. Izan ere, Pello Lizarralderen eleberrien azalak Agorretarenak dira. Eta baita Don Inorrez taldearen azken diskoen portadak ere.
2022an margolaria, idazlea eta musikaria Imanol Rayo zinemagilearekin elkartu eta "Sastraka" sortu zuten. Lizarralderen hamabi pasartetik abiatuta, Agorretak margolan-sorta osatu zuen. Eta, Ubedaren kantuekin eta Rayoren argazki-bildumarekin, ekoizpen mardula argitara eman zuten.
Bastero Kulturguneko egonaldian lau artistak elkartzeko aukera izango da. Izan ere, datozen egunotan, guztiak igaroko baitira erakusketa-aretotik: ESCIVIko ikasleek Rayo ikasle-ohiaren hitzaldian parte-hartuko dute. Irakurle klubak, bestalde, Lizarralderen "Lanbroa" hizpide izango du. Azkenik, erakusketari amaiera emateko, Don Inorrez taldeak abesti-sorta joko du.
Aiurriren partaidetza
Erakusketa Bastero Kulturgunearen ohiko programazioaren eskaintza bada ere, berritasuna dakar oraingoak. Izan ere, margolanen artean sortzen den gunean kultur jarduera osagarriak egiteko proposamena luzatu zion Aiurrik Andoaingo Udaleko Kultura Batzordeari. Hala, Aiurriren eskutik, Agorretarekin batera "Sastraka" egitasmoan bat egin zuten artistak hurbilduko dira Andoainera. Hots, Rayo zinema zuzendaria, Lizarralde idazlea eta Don Inorrez musika taldea.
Zinegilea, ESCIVIko ikasleen aurrean
"Hil kanpaiak", "Bi anai" eta "Iñigo" filmeen zuzendaria da. Andoaingo zine eta bideo eskolan ikasi zuen eta, urriaren 19an, ikasleen aurreko solasaldian parte hartuko du.
Idazlea, Andoaingo literatur-solasaldian
"Lanbroa" eleberria hizpide izango dute Ane Mayozek zuzentzen duen irakurle-taldean. Bertan izango da Lizarralde, irakurleen iritziak jaso eta solasaldian parte hartzeko prest. Urriaren 27an izango da.
Musika saioa, erakusketaren amaieran
Azaroaren 5ean itxiera emango diote erakusketari baina ateak itxi aurretik Don Inorrez musika taldeak kantu-sorta joko du. Taldeko kideetakoa da Andoainen bizi den Karlos Aranzegi baterijolea.


