"Kolektibo desberdinetatik elikatu genuen sorkuntza"

Iraia Sanchez Arregi

Marina Eskisabel eta Iker Sanz DAB dantza konpainiako zuzendariak. 

Iker Sanz eta Marina Eskisabel dantzarien ibilbideek Dantzaz konpainian egin zuten topo. Hortik, DAB dantza konpainia sortu zuten elkarrekin. Basteron oholtzaratuko dituzte haien piezetako bi

Euskal dantzaz edota dantza klasikoaz gain, beste mugimendu batzuk esperimentatzeko gogoak eraman al zintuzten dantza garaikidea probatzen hastera?

Iker Sanz: Nire kasuan adibidez, euskal dantza hainbeste landu ondoren, momentu bat iritsi zen non ja gauza berriak probatu nahi nituen. Eta behin Dantzazen sartuta, beste mundu bat ireki zitzaidan. Bertan mundu osoko koreografoekin lan egiten hasi ginen eta gauzak oso modu desberdinean ikusten dituzu.

Marina Eskisabel: Niri hasieran balleta bakarrik gustatzen zitzaidan, baina balleta egiteko hemendik kanpo bizi behar duzu. Agian dantza garaikidearekiko pertzepzio bat nuen eta gero benetan probatutakoan, nire kasuan behintzat, pertzepzio hori puskatu egin zitzaidan, eta beste alde horretara pasa nintzen. 

2022an DAB dantza konpainia sortu zenuten. Nondik etorri zitzaizuen dantza konpainia bat sortzearen ideia?

I.S.: Dantzazen gehienez hiru urtez aritzeko aukera daukagu, eta hori bukatu zenean, iritsi zen puntu bat non erabaki bat hartu behar genuen. Nire amonaren istorioarekin eta Gerra Zibilarekin lotutako kontakizun batean sakondu nahi nuen. Aranzadi Zientzia Elkartekoekin bildu ginen ikusteko ea ze istorio zeuden kontatzen ez zirenak. Emakumeen alde hori erakusteko, Nun Zira? pieza sortu genuen. Gero, tailerrak ematen hasi ginen. Hortik konpainiaren forma hartzen joan zen.

Beste batek sortutako piezak dantzatzetik, emanaldiak zeuek sortzera pasa zarete. Konpainia honetan hasi zineten lehenengoz sortzaile eta zuzendari lanak egiten?

I.S.: Nun Zira? 2022an sortu genuen eta Tabakalerako Labo Uda jaialdian estreinatu genuen, oso berezia izan zen. Istorioa ere familiakoa izanda, egun borobila izan zen.

M.E.: Ordura arte dantzariak izan ginen eta etortzen zen koreografoaren ideiak dantzatzen genituen. Egia da Dantzazen batzuetan sorkuntza txikiren bat egitea suertatu zitzaigula, baina gauza txikietan. Nun Ziran? ere kanpo koreografo bat izan genuen. Hurrengo piezetarako kanpo koreografoen bila aritu ginen, ez genuelako geure burua paper horretan ikusten. Prozesua zaildu egin zen eta esan genuen, zergatik ez dugu geuk egiten? Eta horretara animatu ginen. Hortik aurrera, hurrengo piezetan gu aritu gara paper hori betetzen.

DAB konpainian dantza garaikidea gaur egun gizartean dauden arazoei aurre egiteko erreminta gisa erabiltzen duzuela diozue, artearen bidez jendearengan eragitea bilatu nahi duzue? 

I.S.: Geure jarduera guztietan hori da puntu zentrala izatea nahi duguna.

M.E.: Bai, azkenean beti gizartea egoten da erdian eta gero, horren baitan sortzen dugu. Ekoizpenetan beti gai sozialen inguruko sorkuntzak egiten ditugu. Dantza garaikidera gerturatzeko modua ere eman dezake horrek. Gaia ulertzen duzula sentitzen baduzu, edo horri buruz hausnar dezakezula, ba agian errazagoa da emanaldian sartzea. Eta gero ere bitartekaritza eta proiektu guztietan, pertsona jartzen dugu erdigunean. Dantzaren bitartez, nahiz eta ez hitz egin, ba blokeatuta dauden gauzak askatzeko balio du. Dantzak hitza ez den beste modu batera gauzak adierazteko balio du, eta ongizatean lagun dezake.

Urriaren 23an Andoaingo Bastero antzokian taularatuko dituzue Azala eta Kea piezak. Zer dago emanaldi bakoitzaren atzean?

I.S.: Dantza jasoko dute, aurreneko minututik azkenekora etengabeko dantza dago. Azalaren atzean galdera bat dago: ea eboluzionatzen ari garen positiboa den zerbaiterantz edo beti akats beraren bueltan ziklo errepikakor batean gabiltzan. Keak, berriz, Leioako Umore Azokan ikuskizun hoberenaren saria jaso zuen eta ikusteko oso erraza den obra bat da. Tabakalerako emakume zigarrogileez hitz egiten du.

M.E.: Saio berezia izango da Andoaingo Basteron eskainiko duguna. Lehen aldia izango da Azala eta Kea egiten dituguna, eta baita Kea antzoki batean egingo dugun lehendabiziko aldia ere. Nik uste dut asko irabaziko duela.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 700 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!