Ballet eta dantza garaikideko irakaslea Jon Aizpun, Pauso-K Dance Studioa balio anitzeko zentroan, eta bera da Inguma ikuskizunaren gidoigilea zein koreografoa. Bi dantza mota lantzen ditu Irunen kokatzen den Pauso-K Dance Studioak, dantza modernoa eta klasikoa; kantu eta interpretazio eremu bat eta Fitness eremu bat ere hartzen ditu estudioak.
Odei Jimenez Arizala, berriz, gazte andoaindarra da. Txiki-txikitatik izan da dantza urbanoen zale amorratua, eta Bakartxo&Joseba Dantza Eskolan landu izan ditu erritmo horiek urtetan. Pauso-K Dance Studioan dabil azken aldian, eta Hondarribia, Irun, Bera eta Errenteriako beste hamabi dantzari gazterekin batera, Jon Aizpun zuzendariaren esanetara jarri da azken hilabeteetan.
Dantza taldeko kideen artetik, Odeik biziko du modurik berezienean Basteroko emanaldia, zalantzarik gabe. “Aparteko erantzukizuna sentitzen dut herrian eta herritarren artean dantza egitea egokitzen zaidalako, baina erabat gogotsu nago, entseguetan-eta oso ondo prestatu dugulako eta ikustea merezi duen ikuskizuna delako Inguma; ziur nago ordubeteko gozamena sentituko dutela. Inguruko lagunekin eta ezagunekin kanpaina egiten ari naiz Basterora anima daitezen, eta askok agindu didate baiezkoa. Gazteok normalki ez gara oso zaleak izaten dantza garaikidea ikusteko, eta gutxiago auditorio batean sartzeko. Baina lau eurotan jarri dute sarrera, eta horrek lagundu dezake bertara daitezen. Hala espero dugu, behintzat, dantza-kide guztiek”.
Inguma, amesgaiztoen sorburu
Euskal Herriko mitologia zein kultura, gizakien emozio eta sentimenduekin lotutako gai unibertsalak dantza garaikidearen eskutik adieraztea izan zen Jon Aizpunek buruan zebilkien ideia nagusia hasieratik, eta Inguma ikuskizuna izan da sormen prozesu horren azken emaitza.
Euskal mitologiaren arabera, etxeetako ate eta leihoetako zirrikituetatik barrena sartu eta bertan lotan diren gizakien ametsetan murgiltzen den izaki mitologiko gaizkilea da Inguma, eta horixe izan zuen inspirazio-iturri Aizpunek, ikuskizuneko pertsonaia nagusitzat hartzeko.
Zuzendariari ikuskizuna definitzeko eskatu zaionean, hona bere erantzuna: “Giro intimoko dantza garaikideko sorkuntza minimalista da; ametsetan bezala, dantzarien mugimendu koreografikoek errealitatearen mugak itxuragabetzen dituzte, eta mundu onirikoari ateak irekitzen dizkiote. Inguma, amesgaiztoekin lotutako euskal izaki mitologikoa da agertoki horien sortzailea, bera agertzen da obraren figura nagusia gisa”.
Basterorekin eskertuta
Profesionaltasunerako jauzia egin gabe, dantza garaikidearen arloan zaletasunik, konpromisorik eta trebeziarik handienarekin mugituko den gazteen dantza konpainia sortzea da Pauso-K Dance Studioaren ametsa, eta Inguma-ren egitasmoa izan da lehen pausua. “Ikasleek talde artistiko batean parte hartzeko esperientzia bizitzea ahalbidetuko duen proiektua ari gara gauzatzen”, adierazi du Aizpunek.
Nolanahi ere, kexati agertu da Jon Aizpun zuzendaria, orain arte egindako bidearen balantzea egiterako orduan: "Ikuskizun artistiko duin eta erakargarri bat egin dezakezu, baina ez bazara profesionala, ederki kostatzen da kultur programatzaileen arreta bereganatzea. Alde horretatik, eskertzekoa da Andoaingo kultura sailak Basteroko auditorio dotorea gure esku jarri izana”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 700 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
