Eraman euskara praktikara kanpaina abiatu du AEKk

Euskara erabili ezean, haren ezagutza soila hankamotz gera daitekeenez, euskaradunak euskara praktikatzera bultzatzeko jarri dute martxan aurtengo egitasmoa.

Euskaldun oro euskaraz aritzera animatzeko Eraman euskara praktikara kanpaina abiatu du AEKren Praktikatu Zerbitzuak. Ohiko mintzataldeak martxan jarraitzeaz gain, berriak sortzea dute helburu.

Hizkuntza guztiek mota guztitako hiztunak behar dituztela nabarmendu dute: bai etxetik jaso dutenak eta baita eskolan ikasi dutenak ere. Nolanahi ere, hizkuntzaren ezagutza soila hankamotz gera daitekeenez, haren erabilera sustatu nahi dute aurtengo kanpainarekin. Horrenbestez, euskara praktikaraztea da aurtengo kanpainaren gakoa. Bide horretan, euskalduntzen ari direnek euskaldun osoak izango dituzte bidelagun, hartara, norbere mailatik abiatuta eta bakoitzak bere erritmoan aurrera pausoak eman ditzan. Horrez gain, programak tokian tokiko euskaldunen saretzeari esker, euskaldunon komunitatea indartzen laguntzen duela adierazi dute antolatzaileek. Egitasmoa, gainera, doakoa da.

Jarduera ugari euskara ardatz hartuta

Mintzalagun taldeak irailaren bukaeran-urriaren hasieran hasiko direla elkartzen iragarri dute. Saio horietan kafea hartu, pasieran ibili, mendira joan edota kultur-ekitaldietara joateko aukera izango dute. Baina jarduera horiez gain, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik Tertangan asteburu-pasak antolatzen dituzte.

Aurrez aurreko saioez gain, online taldeak egongo dira. Horiek azaroan hasiko dira elkartzen. Ikasturtea amaitzeko, udarako taldeak ere osatuko dituzte. Ekainaren bukaeratik irailera izango da udakoen txanda.

Aisialdian ere euskaraz gozatu ahal izateko, programetako dinamizatzaileek ekintza irekiak antolatzen dituzte. Iaz askotariko ekimenetan parte-hartu ahal izan zuten. Andoainen Mintzodromoa, sendabelar tailerrak, mendi ibilaldiak, Tolosako TOPIC txontxongilo-zentrora bisita zein Oroituz taldearen eskutik Andoaingo gerra-garaiko gertaeren ibilaldi gidatua jasotzeko aukera izan zuten.

Izen-ematea

Mintzapraktika taldeetan parte hartu nahi izanez gero, bi baldintza bete behar dira: batetik, gutxienez 16 urte izatea; eta, bestetik, euskara-ikaslea denak B1 mailan edo hortik gora aritu beharko du. Bi baldintza horiek betez gero, mintzapraktikaren webgunean norberaren datuak sartu beharko dira, eta herriko edota eskualdeko dinamizatzailea parte-hartzaileekin harremanetan jarriko da. Horrez gain, telefono zenbaki bat (662132558) ere eskuragarri jarri dute hartara deitu edo idazteko. Edozein zalantza izanez gero, praktikatu@aek.eus helbide elektronikoaren bidez antolatzaileekin harremanetan jar daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!