"Umoreak sortzen duen gertutasunak lagundu egiten du gai sakonei buruz hitz egiterakoan ere"

Jon Ander Ubeda

Metrokoadroka konpainiak “Bi baso bat ur” antzezlana taularatuko du hilaren 9an, Bastero Kulturgunean. Iluntzeko 19:30etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude. Oier Guillan konpainiako kideak ikuskizunaren xehetasunak eman dizkio Aiurri astekariari.

Egoera traumatikoak, iragan korapilatsuak gainditzeko umorearen erabilera aldarrikatzen duzue. Azalduko zeniguke hori?

Taldean aspalditik ari ginen tratu txarren gaiari heltzeko gogoz, baina ez genuen ikuspuntu egokiarekin asmatzen. Guk nekez eramango genuke istorio bat oholtzara umorerik edo jolasik gabe, teatroa horrela ulertzen baitugu. Egin genuen testu bat idazteko saiakeraren bat, baina oso leku ilunetara eramaten gintuen. Halako batean, “Artxibo biluzia” obrari loturiko lantegi batean, Miren Azkaratek aipatu zuen berak ezin izango ziola tratu txarrekin zuen esperientziari aurre egin umorerik gabe. Horrek salbatu ziola nolabait. Ideia horrek ate bat zabaldu zigun, eta aztertzen hasi ginen umoreak eta ebatsia izan den alaitasunerako grinak trauma baten osteko prozesuan joka dezakeen papera. Mireni berari eskaini genion idazketan parte hartzea, elkarrizketa asko ere egin genituen, eta horrela iritsi ginen “Bi baso bat ur” obrara. Beti defendatu izan dugu umorearen bitartez edozeri buruz hitz egin daitekeela, umoreak sortzen duen gertutasunak lagundu egiten duela gai sakonei buruz hitz egiterakoan ere, umoreak ez duela zertan errazkeria izan. Zentzu horretan, tratu txarren gaia hartuta inoizko erronkarik handiena hartu dugu, nahi genuelako jendeak barre egitea, eta era berean, gaiaren garrantziarekin eta konplexutasunarekin bat egitea.

Inoizko erronkarik handiena hartu dugu, nahi genuelako jendeak barre egitea, eta era berean, gaiaren garrantziarekin eta konplexutasunarekin bat egitea"


Eta hori obrara nola eraman duzue? Musikak eta dantzak garrantzi berezia dute.

Gaiari buruzko ikerketan disoziazioaren gaia atera zen, nola trauma baten ostean banaketa bat eman daitekeen, adibidez, gorputza eta gozamenari loturiko bizipenen eta trauma jasan duen pertsonaren barne bizipenen artean. Dantza hor kokatu genuen, plazerera abandonatzea nolabait badelako disoziazio horretan presente dagoen ezaugarri bat, plazerean zure minaren kontrola galtzeari beldurra. Hari horretatik tiraka, obrako pertsonaia nagusiak duen dantzarako ezintasuna disoziazio horren metafora bilakatu zen, eta teatroari dagokionean aktoreekin jolasa egin ahal izateko abiapuntu bat.


Taldean egiten duzue lan Metrokoadrokan. Zuzendaritza lanetik hasita, Oier.

Teatroa definizioz talde lana da, edo izan beharko luke. Rolak banatzea eta kide bakoitza gauza batean edo bestean espezializatzea ez du zertan egon kontraesanean talde lanarekin. Zuzendariaren rola, adibidez, ez dugu ikusten agintearen gisan, zuzendariak ez du zertan izan gauza guztien erantzuna. Zuzendariak batez ere kanpo begirada bat eskaintzen du, publikoak ikusten duena eta publikoak ikustea nahi genukeena atzeman dezake, eta hori oso zaila da ikusten aktoreentzat oholtza gainetik. Zuzendaria talde osoaren frontoia da, funtzio bat betetzen du beste edozeinek bezala, eta taldearekiko entzumenean oinarritu behar da, taldekide bakoitzak bere lekutik baduelako obrari buruzko informazio bat besteek ez dutena. Zentzu horretan, saiatu izan gara zuzendaritza partekatua egiten ere, kanpo begirada hori ahalik eta anitzena eta negoziatuena izan dadin.

Zuzendariaren rola, adibidez, ez dugu ikusten agintearen gisan, zuzendariak ez du zertan izan gauza guztien erantzuna.

"Bi baso bat Ur" antzezlanaren izenburua azaldu daiteke obra ikusi gabe? Ala erantzuna bertaratzen direnentzat gorde behar da?

Ez, kar-kar, ez dago misterio handirik. Dantzari loturiko metaforaren zati bat da. Hasieratik irudi bat izan genuen argi entsegu gelan inprobisazioak egiten hastean: lau pertsona dantzaleku baten erdian izozturik, bakoitzak eskuan baso bat ur duela. Pertsonaia nagusiak azaltzen du nola dantzarako ezintasuna sentitzen duenean baso baten atzean ezkutatzen den, dantzalekuko barran bermatuta. Obra ikusita hobeto ulertuko da, noski, baina irudi hori katarsi batera heltzeko gakoa izango da piezaren amaieran.

"Geuretik sortua" Udalbiltzaren egitasmoaren baitan landu zenuten antzezlana. Zer nolako garrantzia du egitasmoak zuena bezalako konpainientzat?

Antzerkigintzan, eta kulturgintzan oro har, ez da erraza proiektu bat zerotik abiatzea, are gehiago euskaraz egiten baduzu. Zentzu horretan, edozein tranpolin oso garrantzitsua bilakatzen da proiektu bat erreala izaten hasteko. Geuretik sortuak-ek bultzada garrantzitsua eskaintzen du, baldintza egokietan, eta hori gaur egun asko da. Horrelako bultzada bat gabe nekez jarriko genukeen martxan lantalde oso bat, edukiari eta formari dagokionez arriskuak hartuz gainera. Horrelako laguntzek bide bat erakusten dute, eta interesgarria litzateke horren haritik kultur ereduen inguruko gogoeta zabaltzen eta sozializatzen hastea.

Geuretik sortuak-ek bultzada garrantzitsua eskaintzen du, baldintza egokietan, eta hori gaur egun asko da

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!