Graffitia agertu da Unanibian, babestutako naturgunearen bihotzean

Jon Ander Ubeda

Leitzaran aldeko paraje hura biotopo babestua da, berezitasun eta balio natural handikoa. Zehazki, landaredi eta fauna aberatsa du. Berriki, Andoaingo Udalak gertaera salatzeko oharra argitaratu du.

Grafitiak egiteko erabiltzen den materiala kutsakorra da. Bada, hura garbitzeko lanak ere zailtasun handikoak izango dira erabili beharreko materiala ezin delako landareriara edo ibaira bota. Gertaera jaso berritan, Udalak oharra argitara eman du.

Andoaingo Udalaren oharra

"Azken egunotan, ezezagun batzuek grafitiak egin dituzte 𝗨𝗻𝗮𝗻𝗶𝗯𝗶𝗮𝗸𝗼 𝘇𝘂𝗯𝗶𝗮n, Leitzaran bailaran. Unanibiako zubia ondare arkeologikoa da, balio historiko eta kultural handikoa, eta babestutako naturgune baten barruan dago.

Horrelako jokabideek gure ondareari eta natur inguruneari kalte egiten diete, eta ez dute lekurik gure herrian. Gainera, pintaketak kentzeko lanak bereziki zailak izango dira, ingurunea eta erreka kaltetu edo kutsatu gabe jardun behar delako.

Andoaingo Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu zubia eta ingurua ahalik eta egoera onenean berreskuratzeko; eta ondarea eta natura zaintzeko eta errespetatzeko deia egin du. Guztion ardura da".

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!