Senarrak labankadaz hildako Grazia Garagorriren izena hartu du Kaleberriko zubiak

1629an senarrak labankadaz hil zuen Grazia Garagorriren izena eramango du Kaleberriko zubiak honetaz aurrera. Atzo egin zuten ekitaldian, izendapena keinu sinbolikoa izateaz gain, esanahi sakonekoa ere badela adierazi zuen Andoni Alvarez alkateak, “pertsona baten memoria omentzeko eta bere izena herriaren ondare kolektiboan txertatzeko modu bat” da. Argazki-sorta eta bideoak ikusgai.

Orain arte jakin denetik behintzat, senarrak labankadaz 1629an hildako Grazia Garagorri da Andoainen dokumentatutako indarkeria matxistaren lehen biktima. Iosu Etxezarraga Ortuondo historialariak eman zuen aditzera Grazia Garagorri Andoaingo herritarraren historia krudela.

Hain zuzen, Andoaingo Udalak eta Udal Artxiboak bultzatzen duten Leyçaur17 aldizkarian, “Urak gainezka egite duenean. Indarkeria interpertsonala Andoainen Antzinako Erregimenean” ikerlanean egin zuen aipamena, 2024an.

Era horretan, Udalak, iazko irailaren 25ean egin zuen udalbatzan, Kaleberriko zubiari Grazia Garagorri izendapena ematea erabaki zuen. Era berean, Leitzaran ibaiaren ertzetik doan pasealekua, Andre Gobadagileen pasealekua izendatzea ere erabaki zuen.

 

Herriaren eta memoria kolektiboaren parte

Atzoko zubiaren izendatze-ekitaldian, Andoni Alvarez alkateak, Haizea Barandiaran berdintasun zinegotziak, eta Itsaso Mendiluze egitasmoaren zuzendariak hartu zuten hitza.

Andoaingo udalarentzat, izendapenak, aitortzatik haragoko esanahia baduela azpimarratu zuen Alvarezek, “berdintasunaren alde dugun konpromisoaren adierazpen argia da. Historian zehar, emakume askoren ekarpenak bigarren planoan geratu dira, bai kontakizun historikoetan bai espazio publikoetan. Andoainen bost kale eta plaza publikok baino ez dituzte emakumeekin lotutako izenak. Horregatik, emakumeen presentzia eta ekarpena ikusgarri egitea justizia ariketa bat da, eta herri berdinzaleago bat eraikitzeko bidearen parte”.

Haizea Barandiaranek aurtengo martxoaren 8aren baitan Mugimendu Feministak aldarrikatutako hitz batzuk ekarri zituen gogora, “galdetu ziguten komunitateko parte garenoi ea noiz utzi diogun eraildako emakumeen izenak errepikatzeari. Eta ezin ditugu izenak ez errepikatu. Horregatik ekarri dugu Grazia Garagorriren izena gure artera, ahanzturan gera ez dadin”.

Erantsi zuenez, Grazia Garagorriren izena ikusgarri bihurtuko du izendapenak honetaz aurrera, “herriaren parte egingo dugu eta gure memoria kolektiboaren parte bihurtuko dugu. Eta horrekin batera, justiziaren, erreparazioaren eta aitortzaren bidean urrats bat gehiago emango dugu. Beste urrats asko eman behar ditugun arren, herriko kale izendegia, emakumeen izenez betetzen joatea beharrezkoa den tresnetako bat”.

 

Zubiaren barandetan, kontakizuna idatzita

Azkenik, Itsaso Mendiluzek zubiak esanahi ugari dituela adierazi zuen, “bi aldeak uztartzen ditu, ura eta denbora neurtzen ditu, datorrenaren eta badoanaren testigu ere bada,.... Eta hori gogoan, zubiaren eskubandatan kontakizun bat ipintzea erabaki dut. Grazia Garagorrik berak, zubia gurutzatzen dugun aldi bakoitzean xuxurlatuko ligukeen kontakizuna akaso”. 

Zubiaren alde banatan idatzita utzi diren bi esaldiak, bi hizkuntzetan, gogorarazi zituen:

- “Urak dakar gorri kolorea, mendez mendeko bortxaren dolorea. Zubi-begietan harrotu malkoak, bertan amaituz odol arrastoak”.

- "El rio trae rojo su color, vestigio de un pasado de dolor. Testigos los ojos de tu puente, fluya sin sangre su corriente”.

Bi esaldi horiekin, zer motatako mezua zabaldu nahi izan duen zehaztu zuen Mendiluzek, “iraganeko malkoak jaso nahi izan ditut, baita gaurkoaren testigantzak eta etorkizun baten desira, emakumetasuna aldarri izango duen etorkizuna, alegia”. 

Gainera, ohartarazi zuen Mendiluzek hizki mota edo tipografia bereziarekin idatzita daudela bi esaldi horiek: “Tipografia hori berreskuratu dut 1918an eskuz egindako planu batetik; hain zuzen ere hemen gure oinen azpialdean zen labaderoko planutik”. 

Hiru hitzartzeak amaitu ondoren, herriko emakume talde batek Irradaka dantzatu zuen Bekoplazan bertan, Maite Sagaseta dantza irakasleak zuzenduta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!