Julen Loidik Euskal Selekzioarekin jokatuko du Munduko Txapelketan

Julen Loidi joan den ekainean Sorabillan, Iturzaeta txapelketako finalean. Ander anaiak eta biek txapela jantzi zuten orduan

XX. Euskal Pilota Munduko Txapelketa urriaren 15etik 24ra jokatuko da Argentinan eta Uruguain, eta Euskal Selekzioa ofizialtasunez lehiatuko da lehendabizikoz. Gazteleku Pilota Eskolako Julen Loidi Sagastume selekziorako hautatu dute, 30 metroko pilotalekuan gomazko paletako modalitatean joka dezan. 

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatuta, Gasteizko Foru plazan egin zuten euskal selekzio ofizialaren aurkezpena jendaurrean, urriaren 1ean.

Gasteizen politikariek, federakuntzako kideek eta pilotariek egindako agerraldia (Argazkia: Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza).

41 pilotariek osatzen dute euskal ordezkaritza, eta 13 espezialitatetan lehiatuko dira: ezker paretan (54, 36 eta 30 metro), trinketean eta frontballean. Txapelketa 15etik 24ra jokatuko da, Buenos Airesen (Argentina) eta Colonia del Sacramenton (Uruguai).

Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren presidenteak Gasteizen egindako ekitaldian adierazi zuenez, “pauso bat emanda, herri oso bat ordezkatuko dute" pilotariek, eta ardura “izugarria” bada ere, “are handiagoa da daukaten ilusioa”.

Euskadik lehen aldiz hartuko du parte bere izenarekin eta ofizialki nazioarteko txapelketa nagusian, eta hori mugarritzat jo zuen Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehandakariordeak. "Urte luzez egindako lanaren, konpromisoaren eta aitortzaren sinboloa" dela Amerikara doan Euskal Selekzioa, gehitu zuen.

Pilotariak (tartean Loidi), Gasteizen egindako agerraldian (Argazkia: Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza).

 

"Hautatua izatea bada nahiko saria"

Pozik txoratzen dago Julen Loidi pilotaria, eta badu arrazoi galanta hala sentitzeko. Espero ez zuen oparia eskaini baitiote, euskal pilotari batek amestu zezakeen gauzarik gozagarriena: Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa ofizial batean parte hartu ahal izatea.   

"Ia ezustean etorri zitzaidan urtarrilean deitu zidatenean, gomazko paletan jokatzeko aurre selekzioan parte har nezan. Hamaika pilotari aritu gara geroztik aurre selekzio horretan lanean, Gasteizera astean bitan joan gara entrenatzera, eta aparteko prestaketa fisikoari eta dietari heldu diegu. Gogorra izan da, baina azkenean, Kurpil Kirolak taldeko Unai Sagarzazu irundarra eta biok hautatu gaituzte Amerikara joateko; bera titular eta ni ordezko. Munduko txapelketara joatea, bada sari handia, baina ahal dugun guztia egingo dugu Euskal Herrira ahalik eta garaipen handiena ekartzeko”.

Gomazko paletan, 30 metroko frontoian aritu beharko du Loidik. “Ez da ohikoa gurean espezialitate hori, eta ez nago ohituta; bakarka aritzekoa da, fisikoki eta teknikoki oso trebatuta egotea eskatzen dizu, eta bere ezaugarrietara egokitze prozesuari ekin behar izan diot azken aldian".

Gehitu duenez, Mexikoko eta Espainia ordezkatzen dituzten pilotari kanariarrak omen dira faboritoak modalitate horretan.

Urriaren 15ean, 17an eta 19an jokatu beharko dituzte partiduak, eta emaitzak lagunduz gero, lehiaketako azkenekoetara iritsiko dira lehiaketan. Hala izatea espero du Loidik, behintzat.

 

Euskal Selekzioaren lehen lehiaketa ofiziala

Berez, pilotako Euskal Selekzioak, ofizialtasunez, iazko irailean hartu zuen parte lehendabiziko aldiz, Argentinan jokatu zen 23 urtez azpiko Munduko Trinket Txapelketan hain zuzen. Txanda hartan, gogoratzekoa da Gazteleku klubeko Iñaki Lopez de Munain andoaindarra aritu zela, gizonezkoen paleta gomako modalitatean.

Nolanahi ere, hurrengo asteetan Argentinan eta Uruguain egingo du debuta ofizialki, maila absolutuan, Euskal Selekzioak.

Euskal Selekzioak Gasteizen joan den larunbatean egin zuen agerraldian egundoko ilusioa sumatu zuela aitortu du Loidik. “Han bildu ginen pilotari batzuk elkar ezagutzen genuen, beste batzuek ez. Baina poz kolektibo bat bizitu izan genuen guztiek ere; egundoko indar psikologikoa itsatsi zigun ekitaldiak, Munduko Txapelketara joateko atarian”.

Loidik adierazi duenez, hurrengo egunetan Amerikarako bidea hartuko duen Euskal Selekzioan beste lau andoaindar ere badoaz, ikusle gisa. “Nire gurasoek, Ander anaiak eta Xabat Amilibia Gazteleku klubeko eragileak joateko asmoa dute; ondoan edukiko ditut animoak emateko”.

 

Hautatu dituzten pilotariak

• Zesta-punta · 54 metro · Gizonezkoak:

◦ Unai Lekerikabeaskoa (Eraman Jai Alai) ◦ Xabi Barandika (Eraman Jai Alai) ◦ Eñaut Urreisti (Danok Bat) ◦ Ion Ibarluzea (Markina) • Zesta-punta · 54 metro · Emakumezkoak:

◦ Elaia Gogenola (Berriatua)

◦ Eneritz Lizardi (Danok Bat)

◦ Maia Goikoetxea (Berriatua)

◦ Maite Ortiz de Mendivil (Danok Bat)

 

•  Zesta-punta · 36 metro · Gizonezkoak:

◦ Aritz Erkiaga (Eraman Jai Alai)

◦ Ortzi Aldazabal (Berriatua)

 

• Zesta-punta · 36 metro · Emakumezkoak:

◦ Helena Barrenetxea (Durango Jai Alai)

◦ Maialen Aldazabal (Berriatua)

 

• Eskuz · 36 metro · Gizonezkoak:

◦ Beñat Azketa (Tartaloetxe)

◦ Beñat Garmendia (Lapke)

◦ Ekhi Irribarria (Tolosa)

◦ Eñaut Lizeaga (Mundarro)

◦ Gaizka Carregal (Adiskide)

◦ Oier Elorz (Upo Mendi)

 

• Larruzko paleta · 36 metro · Gizonezkoak:

◦ Ander Landeta (Danok Bat)

◦ Ibai Perez (Galipa)

◦ Iñaki Urrutia (Armintza)

◦ Markel Sierra (Kurene)

 

• Pala motza · 36 metro · Gizonezkoak:

◦ Jagoba Madariaga (Armintza)

◦ Esteban Gaubeka (Armintza)

◦ Iker Gordon (Kurene)

◦ Imanol Ibañez (Armintza)

 

• Parapelota · Ezker pareta eta trinketea · Gizonezkoak:

◦ Beñat Lizaso (Kemen)

◦ Sergio Rodriguez (Zartada)

◦ German Luis Elkoro (Kemen)

◦ Edorta de Anta (Kemen)

 

• Gomazko paleta · 30 metro · Gizonezkoak:

◦ Julen Loidi (Gazteleku)

◦ Unai Sagarzazu (Kurpil Kirolak)

 

• Gomazko paleta · 30 metro · Emakumezkoak:

◦ Amaia Irazustabarrena (Hernani)

◦ Nagore Martin (Errekaleor)

 

• Frontball · Emakumezkoak:

◦ Miren Larrarte (Behar Zana)

◦ Olatz Arrizabalaga (Lea Ibarra)

 

• Frontball · Gizonezkoak:

◦ Julen Alberdi (Tolosa)

◦ Mikel Aurrekoetxea (Lemoa)

 

• Xare · Trinketea · Gizonezkoak:

◦ Oier Iturbe (Ametsa)

◦ Xuban Lopetegi (Ametsa)

◦ Markel Mugika (Ametsa)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!