Urtebete igaro da Elhuyar Zientzia hedabide digitalak bidea abiatu zuenetik, ingurune digitalaren eraldaketari erantzun eta euskarazko komunikazio zientifikoa gure gizartearen erdigunean jartzeko helburuaz. Euskaratik eta bertako ahotsekin sortutako proiektu honek zientziaren eta gizartearen arteko zubiak eraiki nahi ditu, eta lehen urte honetan finkatu egin da erreferentziazko komunikazio-espazio gisa. Mugarri honetan, gainera, pisu nabarmena izaten ari da Mirene Begiristain Zubillaga andoaindarraren parte-hartzea, iritzi-artikuluen atalean pentsamendu kritikoa eta tokiko ikuspegi ekonomiko nahiz agroekologikoa eskainiz.
Mirene Begiristain andoaindarra, erreferentziazko ahotsetan
Proiektuaren mugarri nagusietako bat erreferentziazko zientzialari eta teknologoen parte-hartzea izaten ari da, iritzi-artikuluen atalean. Horien artean dago Mirene Begiristain Zubillaga andoaindarra, Ekonomian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Enpresa Fakultateko irakasle nahiz ikertzailea.
Begiristainek ibilbide oparoa du hezkuntzan eta ikerketan 1998az geroztik. Bere ikergai nagusiak nekazaritza ekologikoa, elikadura burujabetza eta agroekologia izan dira, Euskal Herriko nekazaritza sektorea eta tokiko elikadura-sistemak gertutik aztertuz. Horrez gain, hainbat prestakuntza-ekimenetan aritu da, hala nola Udako Euskal Unibertsitatean (UEU), EHNE-Bizkaia sindikatuan edo Hegoa Institutuaren Baserritik Mundura egitasmoan. Bere begirada ekonomiko eta sozialak aberastasuna eta gertutasuna ekarri dizkio Elhuyar Zientziaren iritzi-atalari.
Formatu anitzak eta teknologia propioa
Elhuyar Zientziak formatu ugari uztartzen ditu gaur egun: albisteak, bideoak, podcastak, elkarrizketak, erreportajeak eta argazki-galeriak. Horrekin batera, Elhuyarren bertan garatutako teknologia aurreratua erabiltzen du, hala nola sei hizkuntzatako itzultzaile automatikoa edo testuak entzuteko ahots sintetizatuak.
Aurrera begira, hedabide digitalak berrikuntza teknologiko gehiagorekin jarraituko du zientzia-edukiak gizarteari gerturatzen. Horrez gain, sakontasunez eta beste erritmo batean irakurri nahi dutenek Elhuyar aldizkari inprimatua izango dute aukeran, digitaleko gai mamitsuenak eta elkarrizketa sakonak biltzeko.