Gipuzkoako zenbat Mari Karmen laguntzen ari zarete Etxegabetzeak Stop Desahucios erakundean?
Une honetan 16 kasu ditugu, etxegabetzeko mehatxupean daudelako edota alokairua amaitzen zaielako arazoetan daudelako. Kasu gehienak udaletako gizarte zerbitzuetatik iristen zaizkigu. Bitxia da zeren eta udal administrazioak erantzuna edo alternatiba eman behar luke kasu horietan. Baina alternatibarik existitzen ez denean gugana jotzen dute kalean protestaren bidez eragin genezan.
"16 horietatik 2 kasutan etxegabetze-aginduak berehala gerta daitezke, bertan bizi diren maizterrei data zehatza ezarri baitiete"
Euskadiko datu orokorrak emango dizkizut egoera testuinguruan jar dezagun. 2025ean 974 etxegabetze-agindu bideratu ziren justizia administraziotik. Gauzatu ziren etxegabetzeez ari gara. % 60,2ko igoera da hori, 2024ko datuekin alderatuta. Mailegua ordaindu ezinik zeuden kasuen igoera ere eman zen 2025ean, eta horiek ere etxegabetzean amaitu ziren. Kontuan izan Euriborra %3tik gora igo dela eta horrek maileguen igoera ekarri du eta, batez beste, 200 euro hileko, eta horrek etxe barruko ekonomian eragin zuzena duela. Ahaztu gabe erregaiak, elikagaiak eta abarretan izaten ari den igoera. Beraz, alor horretan, etxegabetzeak handitu dira.
Datu osoak aintzat hartuta, etxegabetze guztien % 80 alokairuzko etxebizitzei dagokie.
Mari Karmen adineko emakumearen etxegabetzearen harira eta Espainiako Kongresuak auziari loturiko 2 dekretu atzera bota ostean, iritzi artikulua argitaratu duzue PP, Vox eta Junts gogor kritikatuz. Etxegabetze bakoitzaren aurrean PPren egoitzaren atarian protesta egingo duzuela adierazi duzue.
Erantzule zuzenak dira, gizarte-babeserako neurriak baliogabetu dituztelako. Hartu duten erabakiarekin milaka pertsonen bizitza txikituko dute. Herrikideak dira eta babesa merezi dute. Deshumanizazio kanpaina baten aurrean gaude. Inkiokupazioa etxegabetzearekin nahasten dute eta, lastoa eta garia bereizten ez badakite, ez dute agintea hartzeko gaitasunik erakusten. Jakitun ziren, dekretuen aurka botoa ematean, milaka pertsonen bizitza-proiektua suntsitzear zirela.
"Deshumanizazio kanpaina baten aurrean gaude"
Hizpide dugun kasua lehertu zenean zu izan zintudan gogoan. Albisteak lurrikara eragin zuen baina zuek, dagoeneko, antzeko kasu ugari ezagutu dituzue kamerarik eta fokorik gabe eman direnak.
Pertsonen zaurgarritasuna tokian tokiko gizarte zerbitzuek agerian uzten dutenean eta bitartekoak jartzen ez direnean, bere garaian, etxegabetzeen tsunamia bazetorrela iragarri genuen. Gehitu horri epaitegietatik kanpo erabakitzen diren milaka kasuak: Eusko Jaurlaritzak dagoeneko iragarri du aurten 26.000 alokairu-hitzarmen bertan behera geratuko direla. Horietatik, 9.000, Gipuzkoan. Kasu horietan guztietan etxebizitzaren jabeak alokairua igoko die berari egoki deritzon kopurua. Jabeek espekulaziorako aukera izan dezakete.
Merkatuaren logika argudiatuko dute eta, egun, erreferentziazko kopurua Idealistak ezartzen duena da eta hori erreferentzia espekulatibo bat da. Zeren eta notariotza bidez sinatzen diren hitzarmenak, oro har, % 30 baxuagoak dira. Baina hedabide handiek ez dute notariotzatan nagusi den batez bestekoa aipatzen, Idealistak ezartzen duena baizik.
Etxegabetzeen gehiengoa, beraz, alokairuzko etxebizitzak dira.
Halaxe da. Zergatik? Oso sinplea da: hilabete amaierara estu antzera iristen ari den familiari alokairua nabarmen igotzen bazaio, % 20-40 artean, jasangaitza da egoera. Egin kontu, alokairuen kasuan hilabete bakar batean ordaintzeari uko egiten badiozu, ez dago kasu hori defendatzeko modurik. Ez dago defentsa posiblerik eta jabeak nahi badu etxetik bota zaitzake profil ekonomiko handiagoa duen bezero baten alde eginez. EAEn berrituko diren 26.000 hitzarmen horietako asko eta asko etxegabetzeko arriskuan daude.
Hauteskundeak deitu dituzte eta, antza, dekretuak indarrean jartzeko gaitasuna izan lezake Diputazio Iraunkorrak. Ondorioz, aipatzen dituzun milaka kasu horietan eragingo luke.
Hori dirudi. Erabaki hori hartzeko gaitasuna dute, baina hauteskundeak hain gertu izanik, eta gobernua eskuinak eskuratuz gero, PPk hartuko duen lehen neurrietakoa dekretu hori bertan behera uztea izango da. Ayusok dagoeneko esan du ez duela hirigintza-merkatuan eragin nahi.
Putre-funtsak deritzonak hiriburuetan aurki daitezke ala uste baino zabalduago daude?
Askatasunez jarduteko ekosistemak bilatzen dituzte eta Donostia edo Bilbo oso erakargarriak dira haientzat. Hiriburu garestienak dira eta, ondorioz, espekulaziorako aukera gehien dituzten hiriburuak dira. Orain arte erregulazio eza nagusi izan da eta hori inbertsio-funtsek bereziki maite duten egoera da. Hein batean, Eusko Jaurlaritza konturatu da ezin duela Ayusoren eredua jarraitu. Merkatuan eragin behar da, esaterako, etxebizitza-turistikoen moratoria aplikatuz. Hori egin dute Donostian. Baina noiz egin dute? Auziak eskuetatik alde egin dienean. Lehenik bidea egiten utzi zieten, inbertsio-funtsei askatasun osoa emanez, eta, ondorioz, alokairu egonkor asko erabilera turistikorako bideratuz. Etxebizitza kopuru handia horretara bideratu denean konturatu dira etxebizitza eskuratzeko aukerak desagertu egin direla. Eta orduan, bai, moratoria ezarri dute.
"Putre-funtsek askatasunez jarduteko ekosistemak bilatzen dituzte eta Donostia edo Bilbo oso erakargarriak dira haientzat"
Donostian, esaterako, inbertsio-funtsen esku dauden hainbat etxebizitza hutsik daude eta alkateak merkatuan jartzeko erregutu die. Baina ez zaie mesedea egitea eskatu behar, harago joan behar du alkateak. Behartu egin behar ditu.
Beraz, putre-funtsak hiriburuetan ohikoak dira baina Erandioko kasua, esaterako, aski ezaguna egin da egun hauetan. Ehundik gora lagun etxebizitza galtzeko zorian daude.
Badira etxebizitza bat baino gehiago duten pertsonak. Eta badira jabetza ugari dituztenak, nagusiki, inbertsio-funtsak. Batzuk eta besteak bereizteko pedagogia falta da?
Hasteko eta behin, baliogabetu dituzten dekretuetan etxejabeentzat dedukzio fiskalak aurreikusten dira. Eta hori oharkabean igaro da. Giroa hain polarizatuta egonik badirudi neurri horiek ez direla azpimarratzeko modukoak. Pedagogia, bereziki, etxebizitza politikan egin behar da. Egun dagoen desinformazioa ikaragarria da. Pertsona bakoitzak bere iritzia du. Gaia menderatzen dut, legeak ezagutzen ditut baina kalean “cuñadismo”a nagusi da. Alderdi politikoen dogmen menpe daude, behin eta berriro errepikatzen dituztenak. Alderdi politikoak dira argudio faltsu horien erantzuleak eta hedabideek bozgorailua ematen diete argudio horiei.
Zein da errealitatea? Dogma nagusia jabetza da. Maiz errepikatzen den esaldia honako hau da: “etxebizitza baten jabe naiz eta, ondorioz, nahi dudana egin dezaket”. Nahi duena egin dezake pertsona horrek ibilgailu batekin, akaso, baina etxebizitzarekin “nahi duena” egiteak ondorioak ditu beste pertsonengan. Etxebizitzaren Legeak, esaterako, etxebizitzak duen funtzio soziala jasotzen du. Jabego pribatua ez da sakratua, mugatua da. Etxebizitzak duen funtzio sozialagatik. Akaso, ez da jabegoaren gustuko hizpide izan dudan dogma hori tarteko.
"Etxebizitzak duen funtzio soziala jasotzen du Etxebizitzaren Legeak. Jabego pribatua ez da sakratua, mugatua da"
[Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak honako hau jasotzen du: Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituzte, eskubide hori eragingarria izan dadin; eta, espekulazioa desagerrarazteko, interes orokorraren arabera arautuko dute lurzoruaren erabilera].
Udalerri mailan gehiago egin daiteke? Zein da Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bete dezaketen papera?
Aldundien ahalmena eskasa da. Eusko Jaurlaritzak du ahalmen handiena eta udalerriek neurri asko har ditzakete. Zer gertatzen da udalerrietan? Kargudun askoren prestakuntza falta. Ezagutza maila exijitzen diegu, alor askotan, eta etxebizitza alorreko erronkei aurre egiteko, esaterako, ez daukate nahikoa ezagutzarik.
Udalerrietan alokairura bideratutako laguntzak eman daitezke –estatu mailatik iristen direnen osagarri bilakatu daitezkeenak–, errekarguak edo hobariak ezarri ondasun higiezinen gaineko zergan, udal etxebizitza-parkea sustatu… Horiez gain, Andoainen, Udalak bazituen hainbat etxebizitza eta Alokabideren esku utzi du horien kudeaketa. Etxebizitza politikan, udalerri mailan, alternatiba ugari dago. Argi utzita, halere, eskumen handiena erkidegoen esku dagoela.
"Etxebizitza politikan, udalerri mailan, alternatiba ugari dago. Argi utzita, halere, eskumen handiena erkidegoen esku dagoela"
Zer nolako harremana du Etxegabetzeak Stop Desahucios erakundeak Sindicato de Inquilinas eta antzeko erakundeekin?
Alor beretsuan lan egiten dugu. Badago alde nabarmena: gure garaiko testuinguruari erantzunez Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH) sortu ziren han eta hemen. Garai hartako etxegabetzeak, nagusiki, mailegua hitzartuta zutenenak ziren. Denborarekin egoerara egokitu eta etxebizitza-politika osoan eragiten ahalegindu gara. Sindicato de Inquilinas delakoak nahikoa ordezkaritza badu eta, ondorioz, milioika pertsonen eskubideak defendatzeko gaitasuna ere bai. Oreka eskatuko nuke, polarizazio egoera batetik ez baitira arazoak konpontzen. Kontuan hartu behar da kasuistika osoa. Demagun etxejabe bat egoera zaurgarrian dagoela. Maizterrak merezi duen babes berbera zor zaiola uste dut. Horrelako kasuak gertatzen dira.
Greba Orokorra erreminta baliagarria izan daiteke? Eta Hauteskunde Orokorrak deitzea? Zein da zure iritzia?
CEOEko presidente Garamendik legez kanpokotzat jo du ez delako lan auzi bat. Ikusi behar sindikatu nagusiek zer dioten, etxebizitzaren arazoa soldatari eta lanari oso lotuta dagoelako. Greba egiteko arrazoi indartsua dela deritzot. Presioa eragiteko beste modu bat da.
Hauteskunde Orokorrak deitzea etorkizuneko legeei oso lotuta dago. Bertan behera gera daitezke lege asko. Denis Itxaso Sailburua Vienako eredua ezagutzen egon da berriki. Eredu hura duela ehun urte baino gehiago abiatu zen eta ibilbide horri eutsi diote. Agintean nor egon den erreparatu gabe. Hori ez dago argi hemen eta 4, 8, 12 urtean behin legeak eta etxebizitza politikak aldatzen baditugu ez da inolako irtenbiderik lortuko.
Agintean jartzen direnak PP eta Vox baldin badira atzerapen galanta biziko dugu alor askotan. Euskal Kontzertua ere ezbaian jar dezakete, pentsa. Atzerapena ikaragarria litzateke.