"Oso pozik nago 'Inurri itsuak' herrian bertan ikusteko aukera izango delako"

Jon Ander Ubeda

20 urteko gaztea da Borja Muñoz Medina eta Bastero Kultuguneko pantaila handian ikusiko dugu asteburu honetan. Aktorea, monologista, komikoa... bide hori urratu nahi du Madrilen arte dramatikoa ikasten ari den bitartean.

Zure lehen esperientzia al da zinema munduan?

Extra lanetan aritu izan naiz hainbatetan baina oraingoan paper txiki bat egiten dut. Filmean, esaterako, Sabas Jauregik erabaki bat hartzen du eta herriko familia bateko kide naiz. Gaiztoaren papera betetzen dut baina ezin dut ezer gehiago aurreratu. Euskaraz da baina, hori bai, bizkaiera nagusitzen da.

Estreinaldia aste honetan da eta Andoainen bertan ikusteko aukera izango da.

Halaxe da. Oso pozik nago herrian bertan ikusteko aukera izango delako. Lagunei esan diet sikiera ni ikustera hurbil daitezela Bastero Kulturgunera. Zinemaldian egin zen aurre-estreinaldia eta lantalde oso poz-pozik zegoen.

Beldurra, misterioa… nolako filma da?

Zuzendariak western generoa aipatu du. Zinema beltza da, istorioa eta pertsonaiak beltz samarrak direlako.

Nola gogoratzen duzu filmaketa?

Binai etxeak deitu ninduen iazko urtearen hasieran, ESCIVIn ikasten ari nintzela. Pertsonaia eskaini zidaten eta baiezkoa esan nien. Elorrion eta Bizkaiko kostan egin nituen grabaketa saioak eta Urko Olazabal, Itziar ItuÒo… aktoreak oso gertukoak eta atseginak izan ziren gurekin. Lehen grabazio eguna arratsaldeko 19:00tan hasi eta goizeko 08:00ak arte luzatu zen. Niretzat sekulako esperientzia izan da.

Zer izan zen grabaketan zailena?

Borrokaldiak irudikatu ditugu bi eszenatan. Ikuslearentzat gertaera dramatikoak dira baina grabatzeko oso dibertigarriak izan ziren. Haietako batean behia tartean zen. Animalia da eta ustekabean marruka hasten zen. Hari ezin zaio isiltzeko edo geratzeko agindu… algara handiak egin genituen. Borrokaldiak izan dira grabatzen zailenak eta, era berean, dibertigarrienak.

ESCIVIko zikloa amaitu eta orain arte dramatikoa ikasten ari zara.

Madrilen nago, bai. ESCIVIn zinema munduari loturiko gauza asko ikasi nituen eta, bereziki, taldean aritzea, konpromisoa eta elkar laguntzea. Oroitzapen onak gordetzen ditut.

Monologista aritu zara ere, esan digutenez.

Binai eskolatik luzatu zidaten proposamena. Ezer gutxi nekien, Kaletxikin ikusi ditudanaz harago. Ez nuen nire burua ikusten horrela. Infernua iruditzen zitzaidan, hasieran, baina bost minutuko bakarrizketa bat egitea lortu nuen. Jendea nire lanarekin gozatzen ikusteak bete ninduen eta aktore munduan lan egitea amesten dut. Komikoa izatea, adibidez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!