Eusko Legebiltzarrean aztergai izan dute mediku falta

Andoaingo Osasun Etxea.

Andoaingo Osasun Etxean medikuen arreta falta nabaritzen ari dira herrikideak. Ez da gauza berria eta urteotan behin baino gehiagotan hizpide izan da auzia. 

2025eko udaberrian, esaterako, ordutegi murrizketa nabarmena izan zen eta Udal Gobernu taldeak azalpenak eskatu zizkion eskualdeko Osakidetzaren ordezkaritzari. Oraingoan arazoa arreta faltan dago, mediku falta nabarmena baitago.

Andoaingo Udalak Eusko legebiltzarrera eraman du egoera, egunotan. Gobernu taldearen izenean Andoni Alvarez Lete alkatea eta Larraitz Arriola zinegotzia eta familia medikua Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren. Arriolak honako hitz hauekin laburbildu du egoera: “Andoaingo osasun zentroan 11 mediku izan beharko genituzke eta orain bertan 5 bakarrik ditugu, eta guztiak goizeko ordutegian. Arratsaldez mediku bakarra dugu, eta hori Amasa-Villabontatik goizez lan egin ostean etorri ohi da, asteleheneitk ostegunera. Kalitatezko zerbitzua bermatzeko Osasun Etxeko langileek jasaten duten presioa eta egoera jasanezina bilakatu da eta egoera horri buelta eman beharko genioke. Anbulatorioak egiturazko aldaketa behar du, aldaketa sakona”.

Legebiltzarrean, Andoaingo udal ordezkariak joan ziren egun berean, Alberto Martinez Osasun Sailburuak egin zuen iragarpena: Osakidetzak zailtasun handiko estaldura duten lanpostuak betetzeko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) egingo du 2026an. “Arratsaldeko lan-jardunak betetzeko zailtasunak daudela ikusita, 4 plaza huts horiek 2026ko lan eskaintza publiko berrian txertatuko dira”, izan ziren Sailburuaren hitzak.

Alberto Martinezen adierazpena positibotzat hartu du Andoaingo EAJ-PNVk, aurreko astean zabaldu zuen prentsa-oharrean: " neurria erabakigarria izan daiteke hutsik dauden lanpostuak betetzeko".

Andoni Alvarez Alkateak erantzukizuna duen erakundeari, Osakidetzari, ekiteko eskaera luzatu dio: “Udal gobernutik hainbat bilera egin ditugu medikuekin eta Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendaritzarekin. Osakidetzari azterketa sakona egitea eskatu diogu eta neurri zehatzak proposatzeko erabakia har dezala”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!