[Postontzia]

Amasamendiko eolikoak eta elektrizitate lineak Andoain, Urnieta eta Hernaniko lurretatik barrena pasatzeari, ez eskerrik asko

Andoainen Bizirik

Orain dela egun batzuk jakin genuen enpresa pribatu batek energia instalazio erraldoi bat eraiki nahi duela Amasa-Villabonako lur publikoetan eta argi indarraren ebakuazio lineak (30.000V) besteak beste, Andoaingo herria gurutzatuko dutela, Goiburutik hasi, Leitzaran ondoko Talain jarraituz eta Garro Baltzuketa aldetik Urnieta aldera segituz.

Instalazio horrek ohikoa bihurtzen ari den ereduari jarraitzen dio: eskala handiko makroproiektua, zentralizatua, pribatua, lurraldean modu kaotikoan eraikia eta herritarren parte hartze demokratikoa saihesten duena.

Hernanin “Urumeako Mendiak Bizirik” eta Amasa-Villabonan “Amasamendi Bizirik” bezelaxe, Andoainen ere geure burua E.H. Bizirik-en bueltan kokatzen dugun talde ttiki bat, orain dela urtebete hasi ginen biltzen, energia berriztagarrien eredu hau arbuiatzeko eta planetaren arazo larriei modu integralean aurre egiteko nahian.

Azken finean, pentsatzen dugu planetaren egoera negargarri hau, indarrean dagoen eredu sozioekonomikoaren izaeran kokatu beharko genukeela: etengabeko hazkundea, estraktibismoa, mugikortasun itzela, nekazaritza intentsiboa...

Amasamendiko proiektuak eredu suntsigarri horren alde egiten du lan: ezer konpondu gabe, irabaziak multinazionalarentzat eta kalteak beste guztiontzat. Biodibertsitatean, paisaian... eragindako kalteak planeta eta herritarron bizkar geldituko dira, irabaziak akzionisten poltsikoetara bideratzen direlarik. Eta CO2 isuriak gora eta gora urtero, inongo aldaketarik gabe.

Gainera, badira hainbat herritar, kalteak modu oso bortitzean jasango dituztenak, adibidez, argi indar lineak, posteak, beren etxe ondoan edo beren lur-sailetan sufritu beharko dituztenak.

Horiekin bildu ginen joan den asteartean. Amasa-Villabona, Andoain eta Urnietako 30 pertsona inguru elkartu ginen bileran, guztiok zalantzaz beterik, asko eta asko haserre.

Udalen babesa eskatzen dute, ez ditzatela enpresa boteretsuaren menpe utzi. Eta horixe nahi dugu guk guztiok ere: udalek egin dezatela beren esku dagoen guztia, trabatu ditzatela prozedura guztiak, ez dezatela amore eman enpresaren desioei. Andoainen ere, Amasa-Villabonan eta Urnietan bezala, proiektuaren aurkako alegazio sinaduren bilketari ekingo diogu larunbat honetatik hasita, eta dei egiten diegu herritar guztiei bat egin dezaten egitasmoarekin. Experientziak erakutsi baitigu, mobilizazioa eta presioa izaten direla gure babesik sendoena. Zuen sinaduren zain gelditzen gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!